Garaiko triatloia bertan behera utzi dute

Anboto 2014ko api. 25a, 12:05
Garaiko triatloi taldea
Parte hartzaileak errepidean dabiltzan bitartean bideko errei biak itxita egon behar direla esan diete Aldundiko trafiko sailetik. Baldintza horietan ez dute bideragarri ikusten uztailaren 5ean egitekoa zen triatloia antolatzea: “Atzera bueltarik ez duen erabakia da”, Jon Sarasua Garaiko triatloi taldeko kidearen esanetan.

 

Martxoan Garaiko triatloia bertan behera geratzeko arriskuan izan zen, baina azkenean ekimenari eustea lortu zuten. Orduan sortu zitzaien arazoa zen egun berean txirrindulari proba bat zegoela eta biak ezin zirela garatu egun eta probintzia berean lege batek zehazten duenez. Baina proba hori erlojupekoa zenez, azkenean Aldundiko trafiko sailak baimena eman zien. Orain sortu zaien trabak datekin baino antolaketa moduarekin du zerikusia. Martxotik hona, beste triatloi batzutan zer gertatu den ikusita, beste batzar bat eskatu zuten Aldundiko trafiko sailagaz eta joan zen astean batzartu ziren. Adierazi zieten legea malgutasunik gabe eta zorrotz betearaziko dutela eta proba garatzen den egunean errepideko errei biak itxi beharko zituztela. Baldintza horietan triatloia antolatzea ez dute bideragarri ikusten eta bertan behera uztea erabaki dute.

Erre biak itxi beharrak arazo nagusi bi sortzen ditu. Alde batetik, trafikoa denbora luzeegian egongo litzateke moztuta; kontuan hartu behar da lehen sailkatuaren eta azken sailkatuaren artean ordubete inguruko aldea egon daitekeela. Hori guztia, Lekeitio inguruan, udan turistekin lepo egoten den herrian. Garaitarrei ez zaie justua iruditzen. Bestetik, askoz jende gehiago beharko lukete antolaketari aurre egiteko. Horiek izan dira triatloia bertan behera uzteko arrazoi nagusiak.

“Frustazioa eta kriston pena”; horrela definitzen du proba bertan behera uzteak eragin dien sentzazioa Jon Sarasuak. Triatloia Garaiko jaien bueltan antolatu izan dute orain arte; ondorioz, “oraindik ez dugu erabaki zer, baina zer edo zer antolatuko dugu”. Triatloia ez den beste ekimenen bat izango da.

Durangaldean bertan behera geratzen den bigarren proba da. Martxo hasieran Mugarra triatloi taldeak bertan behera utzi zuen urtero antolatzen zuen duatloia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!