"Emakumeek janzkera mantendu zuten, nahiz eta eliza kontra eduki"

Anboto 2012ko urr. 20a, 08:43
Margolanetan, antzinako testuetan... Badaude arrasto batzuk, baina Erdi Aroko janzkera zelakoa zen jakiteko informazio gutxi dagoela adierazi du Amaia Mujika museologoak. Argi daukana zera da, Euskal Herrian berezko janzkera izan zutela Erdia Aroan. Janzkerek orduko ohitura eta istorio ugari kontatzeko aitzakia emango dio Mujikari, gaur, 12:30ean, Garaiko San Juan elizan

Margolanetan, antzinako testuetan... Badaude arrasto batzuk, baina Erdi Aroko janzkera zelakoa zen jakiteko informazio gutxi dagoela adierazi du Amaia Mujika museologoak. Argi daukana zera da, Euskal Herrian berezko janzkera izan zutela Erdia Aroan. Janzkerek orduko ohitura eta istorio ugari kontatzeko aitzakia emango dio Mujikari, gaur, 12:30ean, Garaiko San Juan elizan.

 

Euskal janzkeraz berba egin daiteke? Inguruko janzkeretatik bereizten zen?

Gaur egun bezala, gauza bat da norberak janzten duena eta beste bat modak esaten duena. Erdi Aroan dirudunek azken modako jantziak ekartzen zituzten Flandesetik, Italiatik edo Alemaniatik. Herriko jendea apalago janzten zen. Baserri askotan lihozko arropak egiten ziren. Esan dezakegu euskal janzkera herrikoia Erdi Aroan egiaz euskalduna dela eta elementu batzuk dauzkala bakarrik Euskal Herrikoak direnak.

 

Zeintzuk dira elementu berezkoak?

Emakumezko janzkeran ezaugarri bi daude: burukoa eta amantala. Eta bi gauza horiek gure amamen garaira arte egon dira. Gizonezkoen janzkeran ez dago horrenbeste diferentzia, modaren arabera janzten ziren. Euskaldunok libertate batzuk izan genituen ez ginelako basailuak, noblearen azpikoak... Legislazioak pribilegio batzuk ematen zizkigun eta, esaterako, gizonek  armak eroan ahal zituzten. Espainian,  armak nobleek bakarrik eroan ahal zituzten; hemen, denek.

 

Andren burukoari buruzko erakusketa dago Garain. Esangura berezia zeukan?

Asko idatzi da esangura horretaz, baina jakin gurako nuke nik! Esan da adarrak modukoak zirenez sexuarekin zeukatela zerikusia, baina buruko mota asko daude. Tontordun burukoa emakumeen janzkeraren ezaugarri bat zen, eta berekin, euskal emakumeek euren janzkera mantentzeko nahia azaldu zuten, nahiz eta eliza eta legeak kontra eduki.

 

Eliza eta legeak kontra egon ziren?

Elizak lege asko atera zituen ez sartzeko emakumeak elizara horrelakoekin, epaiketak egon ziren... Frantziako eta Espainiako monarkiek ere legislazio gogorra ezarri zuten. Tontorrak egiteko diru asko gastatzen zen, lihoaz egiten zirelako, metro asko erabilita, eta askotan urrezko, zilarrezko edo zetazko apaingarriak zituzten. Estatuek ez zuten gura herriko jendea nobleen moduan janztea.  Elizak, emakumearen itxura hartan sexuagaz zerikusia izan zezakeen zeozer ikusten zuen, eta  gaiztakeriagaz  lotu zuen,  haren kontra egiteko. A\"\"ndrek ia XVIII. mendera arte jantzi zuten buruko tontorduna. Monarkiaren eta elizaren legeen kontra mantendu zuten. Kontuan eduki gizarte hura estamentala eta patriarkala zela. Janzkera itxura da, eta emakumeek eduki behar zuten itxura botereak esaten zuena izan behar zen.

 

Lihoa erabiltzen zela komentatu duzu. Zeintzuk ziren arropa eskuratzeko bideak?

Pentsatu behar dugu Euskal Herria Espainia eta Flandeseko tartean zegoela. Burdina eroaten zen batetik bestera, eta Gaztelako lana Flandesera eroaten genuen, eta hemendik pasatzen ziren Flandeseko oihalak. Dirua edukiz gero, erosten zuten, eta horrez gainera, etxean egiten geniteun gure janzkerak; lihoa oso garrantzitsua izan zen. Gure tontorrek metro asko zituzten eta lihoa moduko oihal fina geneukalako lortzen genuen hori egitea. Baserri guztietan egiten zen, eta emakumeen lana zen landatik haria egin arte. Durangon durangiersak egiten ziren. Paineru oso onak zeuden, paineruen lehen kofradiak Durangon eta Bergaran egin zituzten XV.mendean. Indarra zuten eta kanpoan ere saltzen zuten.

 

Horrelako modarik  berriro bueltatzea imajinatzen duzu?

Nik esango nuke gaur egun erabili ahalko genituzkeela diseinuan eta modan gure janzkerak, eta berriro diseinatu.  Gure jantzia erromerira joateko eta euskaldunak garela esateko erabiltzen dugula? Ba oso ondo. Baina nik pentsatzen dut eguneroko janzkeran ekarpenak eman ditzakeela lehengo moda horrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!