Josu Uriarte markinarrak irabazi du Garaiko triatloia

Anboto 2012ko uzt. 2a, 09:40
Gorka Bizkarra mañariarra bigarren sailkatu zen eta Iñigo Lazkano gipuzkoarrak osatu zuen podiuma

Gorka Bizkarra mañariarra bigarren sailkatu zen eta Iñigo Lazkano gipuzkoarrak osatu zuen podiuma.


Garaiko II. Triatloia lehiatu zuten domekan. Lasterketako zatirik handiena laino ilunen azpian egin zuten 50 parte-hartzaileek. Garain korrikako tartea hasi zutenean bota zuen lehenengo zaparrada. Hala ere, giro ederra egon zen herrigunean, udaletxe ondoko helmugan: errepideko alde biak jendez gainezko eta uneoro triatloilariak animatzeko prest.

Josu Uriarte markinarrak goitik behera agindu zuen triatloi osoan zehar eta merezitako garaipena lortu zuen: 4.37.20. Iazko lehenengo aldia irabazi zuen Aimar Agirresarobek baino ordu laurden gehiago behar izan zuen (4.21.59).

Gorka Bizkarra mañariarra sailkatu zen bigarren minutu bi eskasera (4.39.08). Helmuga zeharkatu eta lehenengo biek elkarri bostekoa eman ondoren, Uriartek apurren estutu ere egin zela onartu zion Bizkarrari, hau atzetik presioa sartzen ari zitzaiolako. Egindako lanagaz “oso gustura” dagoela onartu zuen Bizkarrak: “Oso pozik nago. Triatloia gogorra da, oso gogorra. Bizikletan dena emanez gero, korrikako tartera txikituta heldu zaitezke. Horregatik, indarrak neurtzen eta erregulatzen saiatu naiz. Bizikletan erori ere egin naiz lehenengo kilometroan, biribilgune batean. Horrek hasierako kilometroak baldintzatu dizkit. Ondoren, berriro konfiantza eta erritmoa berreskuratu ditut”.


Egutegiak ahalbidetzen badio datorren urtean ere parte hartzeko ez du beldurrik Saltoki Trikide taldeko mañariarrak: “Niri gustatzen zaizkit horrelako triatloiak. Datorren urtean ere parte hartuko nuke. Egutegia zelan datorren ikusi beharko dut. Antolakuntza ere nabarmendu nahi nuke. Dena oso ondo antolatuta egon da”.


Iñigo Lazkano hirugarren sailkatu zen: 4.41.43. Orbea taldeko txirrindulari ohiak ere azpimarratzeko moduko lasterketa osatu zuen. Garaiko Triatloi Taldeko Aitor Astorkia zortzigarren geratu zen: 4.58.27. Bizikletako tartean zorte txarra izan zuen garaitarrak ur botilla erori zitzaiolako. Anoa postuetan edari indargarriak zeuden, baina urik ez, eta edari haiek gehiago egarritzen zutela adierazi zuen. Deshidratazio puntu batekin egin behar izan zituen bizikletako 87 kilometroak. Ander Azpitarte (Garaiko Triatloi Taldea) hamaikagarren helmugaratu zen (5.04.29).

 

Triatloian emakume bik parte hartu eta biek amaitu zuten: Veronica Dominguez gasteiztarrak eta K-O Triatloi taldeko Nerea Gambrak.

 

\"\"

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!