Ibilbide gogorra prestatu dute aurten ere Garaiko triatloirako

Anboto 2012ko eka. 30a, 08:14
Domekan jokatuko dute triatloia; iaz legez, Iron man probaren distantzia erdia izango du

Domekan jokatuko dute triatloia; iaz legez, Iron man probaren distantzia erdia izango du.

 

Gogorra eta herrikoia. Berba bi horiekin definitu ahal da domekan jokatuko duten Garaiko triatloia. Iaz, lehenengo aldia amaitu zenean, parte-hartzaile askok tarteen gogortasuna azpimarratu zuten. Hala ere, aurten ibilbide berberari eustea erabaki dute. Bestalde, 50 bat triatloilari batzea itxaroten dute: “Gure helburua ez da masifikazioa. Herrikoi izareari eutsi gura diogu”, adierazi du Jon Sarasuak, Garaiko Triatloi Taldeko kideak.
Mutrikuko Saturraran hondartzako uretan hasiko dira igerian. Handik, Garairainoko 87 kilometroak bizikletan egingo dituzte. Besteak beste, Montecalvo gainetik pasatuko dira triatloilariak. Abadiñora heldu eta Garaira igo aurretik, Zaldibarrera joan-etorria egingo dute.

 

Azkenik, Garaiko herrigunean bizikleta utzi, arnasa apur bat hartu eta korrika osatu beharreko tarteari ekingo diote; hiru itzuli emango dizkiote zazpi kilometroko zirkuituari. Ibilbidea gogorra da, Iron man probaren distantzia erdia duelako, eta gorabeheratsua delako: “Garai mendi gainealde batean dago. Hemen gatxa da korrikako tarte lauak antolatzea. Igoz gero, ostean jaitsi beharra dago eta alderantziz. Baina horrek ezaugarri bereizgarria ematen dio triatloiari”. Iaz bero handia egin zuen triatloiaren egunean, batez ere eguerdian, triatloilariak korrika ahalegin betean zebiltzanean. Horrek asko gogortu zuen berez neketsua zen ibilbidea.

 

Iazko kopuru beretsua

Iazko lehenengo aldian 50 lagun inguruk parte hartu zuten eta aurten kopuru hori berdintzea itxaroten dute. Lehenengo aldi hartan Haimar Agirresarobe gipuzkoarra eta Rakel Lombo kantabriarra izan ziren irabazleak. Oraingoz iazko irabazleek ez dute izenik eman triatloian parte hartzeko. Hala ere, goi mailako hainbat atleta batuko dira eta pronostikoak irekita daude. Esaterako, joan zen asteburuan Salouko (Herrialde Katalanak) Extreme Man triatloian bigarren postuan izan zenak parte hartuko du, Josu Uriartek. Iron man oso baten distantzia zuen.

 

Urtero legez, Garaiko udaletxearen alboan amaituko dute triatloia eta hantxe egingo dute sari banaketa ere. 

 

 


“Zirkuitu lauena antolatzen saiatu gara,
baina, nahitaez, gogorra da”

\"\"

Ander Azpitarte
(Garaiko Triatloi Taldekoa)

 

Triatloi bat antolatzeak lan handia dakar. Ibilbideak diseinatu, lizentziak lortu, bidegurutzeak zaindu…

Hamaika detaile txiki batzen dira buruhauste handi horretan. Iazko esperientzia aurten baliagarria izan zaiela onartu du.

 

laz lehenengo aldia izan zen. Zelan irten zen?

Oso gustura gaude iazko triatloiagaz. Lasterketa gogorra zela esan ziguten, baina antolaketagaz oso pozik agertu ziren denak. Guretzat asko esan gura du horrek parte-hartzaileak pozik geratu zirelako.

 

Zelan joan da aurtengo triatloiaren antolakuntza?

Iazko esperientziak aurtengoa antolatzen lagundu digu. Iaz baino finantziazio txikiagoa eduki dugu dena antolatzeko, baina diruaren ordez gogoa eta ilusioa erabili ditugu.

 

Izena eman dutenen artean Ingalaterrako bat dago.

E-mail bat idatzi zigun interesa erakusteko. Distantzia erdiko triatloi bat egin nahi zuela zioen. Zarauzko triatloian parte hartzekotan zen, baina dortsal barik geratu zenez, Garaikora etorri gura zuen. Urtero egiten omen du gutxienez triatloi bat hemen inguruan. Gurea triatloi gogorra zela esan genion, eta berak gustura probatuko zuela erantzun zigun.

 

Korrikako tartea gogorra zela esan zuten parte-hartzaileek.

Niri egokitu zait tartea diseinatzea. Garain ez dugu besterik: gora eta behera, gora eta behera. Ahalik eta zirkuiturik lauena antolatzen saiatu naiz, baina, nahitaez, gogorra da.

 

Garai Triatloi Taldeari dagokionez, aurten hainbat kide nabarmendu dira .

Aitor Astorkia eta Ekaitz Barrainkua maila handian ibili dira. Aitor duatloien zirkuituko sailkapenean lider egon da zati batean. Triatloietan Ekaitzek hamargarren amaitu zuen Hondarribian, esaterako. Bata zein bestea aurten oso indartsu dabiltza, egia esan. Ea denboraldia zer mailatan amaitzen duten.

 

Zeintzuk dira denboraldia amaitu arteko helburuak?

Ez dugu helburu konkreturik denboraldia amaitu arte. Abuztutik aurrera beste triatloi batzuk egin eta ahalik eta mailarik onena eskaintzea da gure helburua. Eta ostean, atsedena. Duatloiak, triatloiak, mendi lasterketak… Dena ezin da eta atsedena ere hartu beharra dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!