Duatloi herrikoia prest, gazte zein helduentzako

Anboto 2011ko urt. 2a, 08:19

Mugarra Triatloi Taldeak antolatuta, seigarren aldia egingo du gaur; adin tarteetan banatuta, hiru ibilbide antolatu dituzte

Mugarra Triatloi Taldeak antolatuta, seigarren aldia egingo du gaur; adin tarteetan banatuta, hiru ibilbide antolatu dituzte.

 

Domekan, Durangoko VI. Duatloia ospatuko dute Durangon. Urtero legez, haur, gaztetxo zein helduentzako ibilbideak antolatu dituzte, lasterketari jai giroa gehituz. Izen-ematea domekan bertan egin daiteke, 09:00etan, lasterketa hasi aurretik; zapatuan19:30etik 21:00etara ere badago apuntatzeko aukera, Gure Kabia tabernaren kanpoaldean.

 

Lehenengo lasterketa 8-14 urte bitartekoentzat izango da, 10:30ean. Santa Anatik hasita, ibilbide hau osatuko dute: 600 metro arineketan (Santa Ana, Barrenkale, Goienkale), hiru kilometro bizikletan (Pinondo, Tabira, Santanoste...) eta beste 600 kilometro arineketan.

 

Segidan, 11:00etan, 0-7 urteko haurrek ekingo diote lasterketari, gurasoek lagunduta, horrela nahi bada. 300 metro egingo dituzte arineketan Alde Zaharrean, bi bider, eta kilometro bat bizikletan.

 

Gaztetxoen saioak amaituta, 12:00etan, 15 urtetik gorakoen txanda izango da. Lehenengo tartean, arineketan osatu beharreko lau kilometroak Barrenkale, Kanpatorrosteta, Laubideta eta Kalebarria inguruan osatuko dituzte. Bizikletako 11 kilometroak osatzeko Errotatik gora joango dira, Santikurutzeko biderantz eta Abadiñotik bueltan etorriko dira. Azkenik, beste kilometro bi egin beharko dituzte arineketan.

 

Otzara baten zotz


Duatloiaren inguruan hainbat ekimen prestatu dituzte. Parte-hartzaileentzat zein bertaratzen direnentzat edariak banatuko dituzte, eta produktuz betetako otzara bat ere zotz egingo dute. Mugarra Triatloi Eskolaren inguruko informazio gunea ere ipiniko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!