Uztailaren 3rako lehenengo triatloia eratuko du Garaiko Triatloi Taldeak

Anboto 2011ko mar. 4a, 10:30

Euskal triatloi zirkuituaren barruan egongo da lasterketa berri hau. Beraz, herrian ekimen berritzailea izango da.

Garaiko I. Triatloia jokatuko da uztailaren 3an, eta herriko triatloilariak buru-belarri dabiltza horren prestakuntzan. Dagoeneko aurreikusi dute ibilbidea zelakoa izango den, eta proba benetan erakargarria izan daiteke. Euskal triatloi zirkuituaren barruan egongo da lasterketa berri hau. Beraz, herrian ekimen berritzailea izango da. Probaren lehenengo zatia Mutrikun, Saturraran hondartzan kokatuko da. Bertan hasi eta amaituko da 1.900 metroko igeriketa saioa. Bigarren zatia, bizikletakoa, Saturrarandik abiatu eta Garain amaituko da, 90 km-tan pedalkadak emanez. Lea-Artibai eta Busturialdea zeharkatuko ditu, Muniketatik Durangaldera heltzeko. Iurreta, Abadiño eta Berriz igarota, Garairako bidea hartuko du. Hirugarren zatia Garain bertan izango da osorik: 21 km egin beharko dituzte arineketan, 7 km-ko zirkuitu bati hiru buelta emanez. Paraje ikusgarrietan garatuko da, beraz, lasterketa.

Antolakuntza

Aurreratu dutenez, dortsal banaketa eta bilera teknikoa aurreko egunean egingo dituzte, Garaiko Kultur Etxean, eta hurrengo egunean, gura duenak herritik irtengo den autobusa erabili ahal izango du Saturraranera joateko. Probarako izen-ematea www.triatloi.org webgunean egin beharko da.

Orain arteko bidea

Iaz jaiotako taldea orain arte eginikoagaz \"pozik\" agertu da. Taldea sortu ez eze, egonkortzea eta haztea ere lortu dute. Iaz, Bizkaiko bigarren talderik onena izan zen, Abadiñoko Laubidetaren atzetik. \"Hasieran 8-10 ibiltzen ginen; gaur egun, berriz, 21 gara\" dio Jon Sarasuak. Taldekide guztiak mutilak dira: \"Emakumerik ez zaigu hurbildu, oraingoz behintzat\". Garai, Durango, Berriz eta Abadiñoko kirolariak daude, besteak beste. Ondo hasi dute denboraldia garaitarrek; lau kidek parte hartu zuten Mungiako proban, eta guztiek amaitu zuten. Etzi izango da hurrengo proba, Basaurin. Bestalde, martxoaren 20an Aguilasen (Murtzia) ospatuko den Autonomien Arteko Txapelketarako Euskadiko Triatloi Federazioak Mugarra taldeko Ekaitz Kortazar deitu du.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!