"Ona da jentea konfiantzaz hurreratzea; zer pentsatzen duten jakin gura dut"

Anboto 2011ko urt. 21a, 09:51

Duela lau urte itxaroten ez bazuen ere, Garaiko alkate da Gontzal Sarrigoitia. Herriko aldaketez eta momentuko ardurez berba egin dugu beragaz.

Duela lau urte itxaroten ez bazuen ere, Garaiko alkate da Gontzal Sarrigoitia. Herriko aldaketez eta momentuko ardurez berba egin dugu beragaz. Azken lau urteei begira, zelan baloratzen duzu udalean egindako beharra? Horrenbeste urte oposizioan eginda, bere garaian sorpresa izan zen alkatetza hartzea. Orain balorazio ona egiten dugu. Alkatetza hartu genuenean beldurra geneukan, ez ote ziren Garairako diru-laguntzak murriztuko, baina ez da horrela izan. Astiro-astiro bagabiltza gauzak egiten; plaza inguruan aparkalekuak ipini ditugu, espaloia ere bai, kultur etxea amaitzen gabiltza, baserrietarako bide batzuk konpondu ditugu, eliza inguruan farolak aldatu... Nik pentsatzen dut, denbora kontuan izanda, nahikoa gauza egin dugula. Aipatu duzu oposizioan urte asko egin zenutela. Orain, oposizioagaz, EAJgaz, zelan konpontzen zarete? Hartu-eman ona daukagu. Alkatetzan egon aurretik 16 urte egin ditut oposizioan, eta orduan ere beti izan dugu tratu ona. Nire helburua beti izan da hori; egiten duguna denon artean berba eginda egitea, ezer gordetzen ibili barik, eta ondo. Zelan bizi duzu Garaiko alkate izatea? Egindako denak ez dira izaten denen gustokoak, eta kexak egon dira; baina, osterantzean, pozik. Herri handietan ez dira joango alkatearengana, baina niri tabernan elkartu eta etortzen zaizkit: \"Hau zelan egin dok holan\"; \"Hau txarto ein dok\"... Konfiantza dago, eta nik ere gurago dut jendeak zer pentsatzen duen jakitea. Kultur etxearen proiektua da herriko nagusienetakoa. Zelan doaz beharrak? Igogailua ipini genuen, eta barrua atontzen ibili gara. Lehen irakasleen pisuak zirenetan lokal bi ipini ditugu; bata gazteek entseatzeko eta bestea bihar-etzi pelikulak emateko. Goiko pisura KZgunea eroango dugu, eta beste lokal bat ere egongo da jubilatuek, gazteek, jai-batzordekoek... batzarrak egiteko. Beste gela bi geratzen dira; bata batzarretarako izan daiteke, eta bestean liburutegia ipiniko dugu. Obrak amaituta daude; altzariak ipintzea baino ez da falta. Martxoan inauguratzeko moduan egongo delakoan gaude. Plaza inguruko urbanizazioa ere egin duzue. Herritarrak pozik daude? Denak pozik sekula ezin dira eduki, baina nik pentsatzen dut plaza dotore dagoela orain. Asko ohituta egon dira herrira etorri eta kotxea taberna ondoan uztera, baina pentsatzen dut herrikoentzat eta kanpokoentzat ere hobeto dagoela orain aparkalekuen kontua. Txarto aparkatzeagatik abisuak ematen hasi zineten orain hile batzuk. Ertzainak pasatu ziren behin, eta autobus geltokian isunak ipini zituzten; justu herritarren kotxeak izan ziren. Abisua botatzen hasi ginen txarto aparkatuz gero bihar-etzi isunak ipintzen hasiko ginela esanez. Multarik ez dugu bota, baina ertzainek berriro ipini ditzakete. Autobus zerbitzua zelan dabil? Autobusean jende gutxi dabilela-eta, orain dela hiru hile inguru Foru Aldunditik zerbitzu hori kotxe batek egitea proposatu ziguten, ordutegi beragaz. Guk komentatu genien ondo egon zitekeela, baina ziurtatzeko kotxea beteta badago ez dadila inor geratu bajatu edo igo barik; beste kotxe bati deitzeko aukera egon dadila. Oraindik ez digute erantzun. Kamioien joan-etorria handia da zuenean. Herritarrak arduratuta daude? Bai. Lehenago beste kamioi ez dabil, baina lehenago euriagaz geratu egiten ziren; orain ez. Ibiltzen dira garbitzen, baina guztiz lokaztuta egoten da euria egiten duenean. Txarrago daude Gerediagakoak; guk bide bat baino gehiago daukagu baina eurak handik baino ezin dira pasatu. Zer behar daukazue orain esku artean? Laster udaletxeko teilatua konpondu gura dugu, itoginak dauzkagu-eta. Arkitektoak proiektua egin du eta diru-laguntzak eskatzekotan gaude. Zaborrontzi berriak ere ipini beharko ditugu. Arazoa dugu hor: lurpeko lehenengo zakarrontziak hemen eta Elorrion ipini genituen. Orain, berriagoekin, laster kamioiek ez dute balioko guk dauzkagun zaborrontzietarako. Ez daukagu berriak ipintzeko lekurik eta garestiak dira. Azkenean, segurutik, kanpoko zaborrontziak ipiniko ditugu, nahiz eta polita ez izan. Kamioiak pasatzen diren lekuan, euren ibilbidean hartzeko moduan ipiniko ditugu. Farola berriak ere ipini behar ditugu Milikuan, San Juanen eta plazan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!