Triatloi taldea sortu dute Garain

Anboto 2010ko uzt. 8a, 10:35

Gaur Garai, Durango, Abadiño, Berriz eta Zornotzako 11 lagunek osatzen dute taldea, eta gura duten guztientzako \"atea zabalik\" dutela diote.

Garain oraintsu sortu duten triatloi taldeak badu Arratiako zekor ezagunetik apur bat. Gaur egun, triatloi talde bat duen Bizkaiko herririk txikienekoak dira, eta badakite baliabide mugatuak dituztela. Baina kantitatez \'txikerrak\' izanagatik, gogoz eta ilusioz \'gogorrak\' dira. Maiatzean taldea sortu zutenetik, duatloi eta triatloi zirkuituko lasterketa guztietan parte hartu dute, eta helburu nagusiak beste batzuk diren arren, estreinako urtean duatloietan Bizkaiko taldekako txapelketako bigarren (Abadiñoko Laubideta taldearen atzetik) eta Euskadiko laugarren (sprint modalitatean) egitea lortu dute. Orain ernaldu den loreak iazko Durangoko duatloian du sorburua. \"Lasterketak erakarri egin gintuen, eta Lekeitiokoan parte hartu behar genuela erabaki. Azkenean, bata dela bestea dela, ez ginen joan, baina esango nuke orduantxe piztu zitzaigula gogoa\", dio Ander Azpitartek. Gaur Garai, Durango, Abadiño, Berriz eta Zornotzako 11 lagunek osatzen dute taldea, eta gura duten guztientzako \"atea zabalik\" dutela diote. Txapelketak irabaztea ez dute helburuen artean, emaitza onak lortu dituzten arren: Beren beregi, horretara dedikatzen direnei aurre egitea \"ia ezinezkoa\" dela diote. Garaiko triatloi taldeak mota honetako kirol zaleen bilgune izan gura du; aitzakia bat da, zelanbait, esperientzia berriak bizi eta lagunartean kirola praktikatzeko. Berba bitan esanda, \"ondo pasatzea\" dute helburu, eta bide batez, \"Garai munduan ezagutaraztea\".

Webgunea ere sortu dute

(www.garaitt.com) eta hantxe ikusi daiteke taldeari buruzko informazioa. Datorren urteko herriko jaietara begira, mendi martxa bat-edo antolatzeko asmoa dute: \"Udalak eman digun laguntza eskertzeko\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!