Pilar Zubiaurre: oihartzunik bako intelektual garaitarra

Anboto 2010ko ots. 12a, 13:00
Errepublika sasoian Madrilgo mugimendu kulturaleko partaide bizia izan zen Pilar Zubiaurre garaitarra. Literaturaren gainean hausnartu eta idatzi zuen; sektore feministetan ere jardun zuen. Historiak, baina, ahazturan eduki du bere izena. Bere bizitza eta lana kontatzen dituen liburua aurkeztu zuten, joan zen zapatuan, Garain.
Historia garaileek idazten ei dute. Pilar Zubiaurre feminista zen eta, gainera, sozialista baten emaztea; bere ibilbidea eta lana gerizpean egon dira luzaroan. Garaiko Udala, Gerediaga elkartea, Hamaikabide elkartea, Saturraran argitaletxea eta BBKri eskerrak, Garain jaiotako intelektualari buruzkoak argitara irten dira. Iker Gonzalez-Allende Nebraskako irakasleak osatu du Pilar de Zubiaurre: Evocaciones. Artículo y Diario liburua. 1884an jaio zen Pilar Zubiaurre, Garain. Lau urtera arte Abadiñoko Lebarion hazi zen, eta handik Madrilera joan behar izan zuen. Izan ere, bere aita Madrilgo errege kaperako musika zuzendaria zen; Paz Agirrezabal zuen ama. Hamaikabide elkarteak erbesteratutako euskal kulturgileen lana batzen dihardu, eta Jose Angel Ascunce kideak Zubiaurreren "izaera euskalduna" nabarmendu zuen, Garaitik Madril eta Mexikorako bidea hartu arren.

Madril kulturalean

Aitaren moduan, Ramon eta Valentin nebak ere artistak zituen. Giro kulturalean hezita, berak ere literaturagazko afizioa zeukan. 1922an, "Juan de la Encina" legez ezaguna zen Ricardo Gutierrez Abascalegaz ezkondu zen; Arte Garaikideko Museoaren zuzendaria zen Gutierrez. Biek batera, errepublika sasoian tertulia literarioak antolatu zituzten, partaide ezagunekin: García Lorca, Jiménez, Ortega y Gasset, Salinas... Hain zuzen ere, Lorcak berari eskainitako olerki baten aztarnatik hasi zen Gerediaga elkartea Pilarri buruzko azterketan. Horretaz aparte, edozeren gainetik emakume sentitzen zen. Militante feminista zen, eta bere lanean islatzen zen hori. Clara Campoamor, Maria Maeztu, Victoria Kent eta beste hainbat emakume lagun zituela, Lyceum Club Femeninoa sortu zuen, Espainiako lehenengo elkarte feminista eta gerra-aurreko erakunde intelektual nagusietakoa izan zena. Neska umezurtzen etxe batean ere lan egin zuen. "Baina emakumeen lanek ez daukate garrantzirik; ez du merezi gogoratzerik": zenbaiten iritzi eta askoren subkontzienteko ideia hori aipatu zuen, joan zen zapatuko ekitaldian, Joxerra Zabalak, Pilar hain ezaguna ez izateko arrazoi moduan. Aitaren, neben eta senarraren itzalean egotea eta gaitzizenez sinatzea ere aipatu zituen, baina indar gehiago ematen zion emakume izateagatiko diskriminazioari. Liburuaren egilearen ordez etorri zen Zabala.

Deserrira

Pilar eta Ricardok, askoren antzera, gerra hastean ihes egin behar izan zuten, eta Mexikon ekin zioten bizimodu berriari. Erbesteratu guztien moduan, nostalgia izan zuten bidelagun. Egoera horrek asko baldintzatu zuen Zubiaurreren sorkuntza; Mexikoko Euzko-Deyan idatzi zituen artikulu batzuk. Garai eta Durangaldeko mendiak beti bihotzean izan zituen Zubiaurrek, eta 60ko hamarkadatik aurrera bisitaldiak egin zituen. Gontzal Sarrigoitia alkateak "ezagutzeko zortea" izan ei zuen, eta bere ipuinez akordatu zen zapatuan. Nerea Mujikak liburuaren kaleratzea "pozez" baloratu zuen, Gerediagaren izenean: "Emakume haren bizitza, lana eta ametsak berreskuratu behar zirelako". Mexikon hil zen Pilar Zubiaurre 1970ean. Baina bere guraso eta nebekin batera, Anbotori begira hartzen du atseden. Ricardo ere bere albora ekarri gura dute, guztiei merezitako omenaldia eskaintzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!