Elorriok 12,8 milioi euroko aurrekontua onartu du 2027rako

J.D.

Gobernu Taldean dagoen EH Bilduk eta alderdi jeltzaleak akordioa adostu dute herriko saneamendu- eta ur-hornidura sareak hobetzeko. Ondorioz EAJ abstenitu egin da bozketan eta abstentzio horri esker irten dira aurrera aurrekontuak. 

Joan zen eguenean Elorrion egindako osoko bilkuran 2027ko aurrekontuak onartu zituzten. EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin-Podemosen kontrako botoarekin onartu ziren. 

"Elorrioko benetako beharrei erantzunez, udal-zerbitzuei eutsiz eta abian dauden proiektuei jarraipena emanez, aurrean dauden erronkak eta aukerak bistatik galdu gabe, egonkortasuna bermatzeko diseinatutako proposamena da, udalerriaren etorkizuna arriskuan jar dezaketen gastuak jaso gabe. Zorroztasunez, gardentasunez eta sen onez egindako lana da", azaldu du udalak ohar batean.

Zenbakiei dagokienez, 12.802.940 euroko aurrekontua "inoiz aurkeztu den handiena" dela azaldu dute, iazkoa baino 1.976.645 euro gehiago. Udalaren egoera ekonomiko orokorra "ona" da: datorren urtera begira, diru-sarrera arruntak gastu arruntak baino "nabarmen" handiagoak izango direla aurreikusten da, eta horrek "inbertsioetarako aukera" ematen du. Igoera hori ulertzeko, hiru diru-sarrera iturri nagusi nabarmendu dituzte: alde batetik, Bizkaiko Foru Aldunditik Udalkutxaren bitartez jasoko dena iaz baino 524.137 euro gehiago izango da; bestetik, Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zergak (ICIO) 160.000 euroko igoera izan du; eta, azkenik, 9. kapituluan 800.000 euroko kreditu-eragiketa bat kontratatzeko aukera aurreikusi da 2027ko ekitaldirako, behar izanez gero inbertsioei (zehazki, Kurutziagako biribilgunearen obrari) aurre egin ahal izateko (beharrezkoa izango ez balitz, ez litzateke eskatuko, baina aurrekontuan kontabilizatu behar da). Berritasun gisa, turismo-egonaldien ordenantza arautzaile berriaren ondorioz sortutako egonaldi turistikoen gaineko zerga ere txertatu da, 23.000 euroko aurreikuspenarekin.

Etorkizunari begira
Nabarmendu dutenez, gobernu-taldeak epe laburretik haratago Elorrioren etorkizunean eragin handia izango dutelako uste osoarekin aurkeztu ditu aurrekontuak. Zehazki, aurrekontu berriek honako jarduketa hauek ahalbidetuko dituzte:

  • Fytasa eremuko jarduketak: Eraispen- eta deskontaminazio-prozesuei ekiteko aurrekontu-partida jaso da, gaur egun hilerri industriala dena etxebizitzak eraikitzeko bizitegi-eremu bihurtzeko bidean aurrera egiteko.
  • Gizarte-politikak: Gizarte-politiken sailean teknikari lanpostu bat sortuko da, udalaren arreta soziala indartzeko.
  • Kiroldegia: Kiroldegia berritzeko eta handitzeko proiektua idazteko beharrezko partida jasotzen dute aurrekontuek.
  • Kurutziagako obrak: 2027an eremu hori eraldatzeko lanak hasi ahal izango dira; herritarrek horrenbeste eskatutako esku-hartzea, biribilgunea, errealitate bihurtuko da.
  • Hobekuntzak Musika Eskolan: Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan irabazle suertatu den proiektu gisa.
  • Hilerria: Hildakoen errautsak uzteko gune atsegin bat egokituko da. Halaber, dolu-gune bat egokituko da haurdunaldian, erditzean edo jaioberrien lehen egunetan galerak izan dituzten familiei zuzenduta.
  • San Agustin: San Agustin elizarako sarbidea egokituko da eta ingurunea hobetuko da.
  • Arriola jauregiaren birgaitzea: Berriotxoa kalean.
  • Programa eta zerbitzu publikoei jarraipena ematea: Era berean, gizarte- eta kultura-programak, elkarte eta taldeentzako dirulaguntzak, gizarte-laguntzak, berdintasunerako eta adinekoentzako jarduerak mantentzea ahalbidetuko dute.

EAJren iritzia
EAJk bere abstentzioarekin ahalbidetu du 2027ko kontuak onartzea. Ildo horretatik, alderdi jeltzaileak bere botoa arrazoitu du ohar batean. EH Bilduren gobernu-taldearekin udalerriko saneamendu- eta ur-hornidura sareak hobetzeko akordioa lortzea izan da aurrekontuak aurrera irteteko abstenitu izanaren arrazoi nagusia. "Negoziazioari esker, 400.000 eurotik gorako konpromisoak txertatu ahal izan dira, eta horien artean nabarmentzekoa da alde zaharreko eta Urarka kaleko bizilagunek aspalditik jasaten dituzten usain txarren arazoari irtenbidea bilatzea, bereziki udaberriko eta udako hilabeteetan", azaldu du Elorrioko EAJk ohar batean. 

Elorrioko EAJ-PNVren ustez, garrantzitsua da arazo horri aurre egiteko plangintza eta epe zehatzak ezartzea. “Usain txarrek eragozpen handiak eragiten dizkiete alde zaharrean bizi diren herritarrei, bereziki tenperaturak igotzen direnean. Ezin dugu horrelako egoera bat normaltzat hartu. Horregatik, arazoaren jatorria aztertzeko eta konpontzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatu dugu behin eta berriz”, adierazi dute alderdi jeltzaletik.

Alderdi jeltzaleak azpimarratu du bere abstentzioak ez duela esan nahi EH Bilduren gobernuaren aurrekontu osoei babesa ematen dienik, aurrekontuen negoziazioan lortutako konpromisoen ondorio dela baizik. “Desberdintasun politikoek ez lukete eragotzi behar udalerriarentzat onuragarriak diren akordioak lortzea. Jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzea lortu dugu, eta orain adi egongo gara adostutako epeetan betetzen direla ziurtatzeko”, amaitu dute Elorrioko EAJ-PNVtik.

Gobernu-taldeak "eskertu" egin dio EAJri "elkarrizketarako prestutasuna eta negoziazioetan erakutsitako erantzukizuna". Podemosi, aldiz, helarazi dio "ateak, beti bezala, zabalik dituela".

Azkenik Julene Lazkano Zenitagoia alkateak nabarmendu du kontu hauek agintaldi osoan egindako lana eta Elorrioren etorkizunarekiko konpromisoa islatzen dutela: “Aurrekontu hauekin urrats sendoa egiten dugu elorriar guztien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko, zerbitzu publikoak indartuz eta gure udalerriak behar dituen proiektu estrategikoak abian jarriz”.​

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!