"Atxarteko gatazka gaur egungo kontzientziak pizteko abiapuntua da"

Joseba Derteano

Pedro Luis Sanchezen dokumentala eguaztenean eman zuten, Erdellako Mendi Astearen barruan.

80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran, protesta-mugimendu zabala sortu zen Urkiolako Parke Naturala sortzeko dekretua ez betetzearen aurka. Kontratua agortzean, harrobiaren ustiapena etetea jasotzen zuen dekretuak. Pedro Luis Sanchez bilbotarra mugimendu haren lekuko izan zen eta garai hartako irudi asko grabatu zuen 8 milimetroko kameragaz. Orain, material hura oinarri hartuta, dokumentala osatu du, bere ahots bidezko kontakizunagaz. 

Eguaztenean Elorrion erakutsi zuen lana, Erdellak antolatutako Mendi Astearen barruan. Dokumentalaren helburua ez da iraganeko borroka gogoratzea bakarrik, orduko mugimendua gaur egungo gizarteari buruz hausnartzeko eta kontzientziak pizteko abiapuntu bihurtzea baino. 

Belaunaldi berriei zelan esplikatuko zenieke Atxarteko gatazka ekologikoa zer izan zen?
Bere testuinguruan ondo kokatu behar da. 80ko hamarkadako krisi sakonetik gentozen, eta Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeak ere eragina izan zuen: industria-sarearen zati handi bat desegin egin zen, eta langile asko langabezian geratu zen, ni neu tartean. Horrek guzti horrek eragina izan zuen gizartean, eta bazegoen egoeraren aurrean erreakzionatzeko nahi bat. Orduko egoerak hain ezaguna egin zen Urkiolako Parke Naturala sortzeko eta definitzeko dekretuagaz, harrobien ustiapen-kontsezioa amaitzeagaz eta gizartean pilatzen ari zen haserreagaz kointziditu zuen. Orduan, errazagoa zen injustua zen zerbait erreklamatuko zuen jendea aurkitzea.

Gatazkak hainbat urte iraun zuen. Zelan bizi izan zenuen mugimenduaren bilakaera?
Hasieran, eragin txikia izan zuen gizartean. Baina jendea gatazkaren berri izaten ari zen neurrian, mugimendua handitzen joan zen eta ideia eta pentsamolde askotako jendea batu zen Urkiolaren Aldeko Batzordea (UAB) plataformaren inguruan. UABren bidez antolatu ziren mobilizazioak, askotariko elkarteak eta norbanakoak bilduz. Esaten dudanaren beste adibide bat Bilbon egin zen manifestazioa da; manifestazioak aurrera egin ahala, inguruko jendea bertara batzen zen. Manifestazio koloretsu eta baketsua izan zela gogoratzen dut. Mugimendua koordinatzen zuen UAB plataformaren barruan zeuden taldeak batu ginen bertan. 

Noiz konturatu zineten mugimenduak izaera kolektibo bat hartu zuela? 
Kontuan hartu behar da orduan ez zegoela mugikorrik eta sare sozialik. Hara eta hona joan behar izaten genuen elkartu eta gauzak lotzeko. Dena askoz ere modu oinarrizkoagoan egiten genuen. Baina denbora aurrera joan ahala sareak sendotzen joan ginen. Gero, data bat ipini behar banu, esango nuke gaiak eta mugimenduak beste dimentsio bat hartu zutela hamakaren protesta hasi zenean, dudarik barik. 

Zer izan zen hamakaren protesta? 
Ekintzaileak hamaketan zintzilikatu ziren harrobiko hormetan. Txandaka egoten ziren. Lan nekeza zen, baina baita ikusgarria eta ilusionagarria ere. Hedabideen arreta erakarri zuen eta gai mediatiko bihurtu zen. Protesta horrek bultzada handia eman zion mugimenduari azken urteetan. Oro har, gatazka haren azken urte biak azkarragoak eta biziagoak izan ziren.  

Zelan lortu zen jatorri eta pentsamendu desberdinetako jendea helburu bateratu baten alde batzea?
Bazegoen aurretik ere asegabetasun giro bat, eta krisiak asko lagundu zuen jendea elkartzen. Horrela, eskalatzaileek eta ingurumenaren aldeko ekintzaileek bat egin zuten. Argi dago ez zuela sokak batu jendea, baizik eta denek altxor handitzat zuten ingurune hura zaintzeko nahiak.

Hiru hamarkada baino gehiago joan dira ordutik. Perspektiban begiratuta, zelan baloratzen duzu ordukoa?
Gauza bi etortzen zaizkit burura. Batetik, oso mugimendu interesgarria izan zela. Bestetik, ordukoa gaur egun errepikatzea oso gatx ikusten dudala, testuinguru desberdin batean bizi garelako konpromisoari dagokionez.

Elorrioko Mendi Astean erakutsi duzun dokumentalaren helburu nagusia ez da orduan gertatutakoa gogoratzea. Hura abiapuntu bat da?
Lehenengo eta behin, dokumentalaren helburua ez zen inor seinalatzea. Bakoitzak bere modura bizi eta gogoratu du etapa hura. Nire asmoa oroitzapen horiek zerbaitetarako erabiltzea da: ikuslearengan kontzientzia pizteko, emozio bat sortzeko eta gaur egungo hainbat gairen inguruan hausnartzera bultzatzeko. Zinemak badu gaitasun hori, emozioen bitartez kontzientziak piztekoa. Dokumentalean esaldi batek ondo laburbiltzen du ideia hori: "Zenbat istorio kabitzen da ur tanta bakar batean?". Tanta bakar batek ezer gutxi dirudi, baina tanta askok ibaia osatzen dute. Eta horixe da, hain zuzen ere, transmititu gura dudana. Gaur egun ere ekologiaren ikuspuntutik gai askoren inguruan altxatu daiteke ahotsa. Eta gizarteko beste gai askotan ere beste hainbeste gertatzen da. 

Dokumentalean, gainera, gaur egun jasotzen ditugun mezuak zalantzan ipintzeko eta errealitateari ikuspegi kritikoz begiratzeko gonbit egiten duzu. 
Kritikoak izan behar dugu kontatzen dizkiguten gauzez. Politikariek eta interes hau edo bestea dutenek errealitate zehatz bat sortzen digute. Badakite non dauden gizakiaren garunaren ahulguneak, eta hori baliatzen dute. Eduard Punset dibulgatzaile zientikoak liburu batean esaten zuena dut gogoan: "Giza garuna gure etsairik handiena da, egoista delako eta beti erosotasuna bilatzen duelako". Beraz, kontatzen digutenaren atzean zer dagoen bereizten asmatu behar dugu. Mezu hori helarazi gura diet herritarrei dokumentalaren bitartez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!