Elorrioko ziklo-krosak ibilbide berritua izango du lasterketa ikusgarriagoa egiteko

J.D.

Gaur Elorrioko Solatsun egindako aurkezpeneko irudia.

Azaroaren 28an eta 29an lehiatuko dute proba, San Jose inguruko landetan, eta antolatzaileek 800 txirrindulari inguru batzea espero dute.

Elorrioko ziklo-krosak 49. aldia beteko du azaroaren 28an eta 29an. Nobedade moduan zirkuitua aurreko aldietan baino 600 metro luzeago izango da eta 2,4 kilometro izango ditu. Ibilbidea luzatzeko hainbat arrazoi eman dituzte antolatzaileek gaurko aurkezpenean. Batetik, lehenengo doazenei gehiago kostatuko zaie azkenengoei itzulia kentzea, ikuskizunaren mesedetan. Bestetik, antolatzaileek malgutasun handiagoa izango dute materialen kontrol-gune biak modu orekatuagoan kokatzeko. 

Ordutegia
Zapatuan gazteen eguna izango da, txirrindularitza eskolena. 15:00 inguruan hasita, mailaz maila lehiatuko dira. Domekan, berriz, kadeteetatik masterretara arteko mailek hartuko dute erreleboa. Master 40, 50 eta 60 mailetakoak 09:15ean irtengo dira; kadeteak, 10:15ean; eta juniorrak, 11:15ean. Elite mailakoen, 23 urtez azpikoen eta Master 30 mailakoen lasterketa 12:15ean hasiko da.

Bi egunetan Bizkaiko txapelak egongo dira jokoan eta domekako lasterketak Euskadiko Federazioko Ziklo-kros Koparako puntuagarriak izango dira.

Faboritoak
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu duten Jonathan Lastra eta Alicia Gonzalez txirrindulari profesionalak irteera puntuan izango dira eta irabazteko hautagaien artean daude. Emakumeetan Mirari Gotxi amurrioarra ere hautagaien artean dago. Gizonetan Aitor Hernandez izan liteke faborito nagusia, joan zen asteburuan Zornotzako ziklo-krosa irabazi ostean. Unax Galan eta Arkaitz Suso ere aurrean ibili daitezke.

Beste mailei dagokionez, Mikel Esteibarlanda elorriarra Master 50 kategoriako faboritoen artean dago. Kadeteetan Cafe Dromedario-Flotamet taldeko Enar Kortabarriaren izena aipatu dute. 

Antolatzaileek lasterketa irekia espero dute, eta eguraldiak eragin handia izan dezakeela uste dute. Ibilbidea lokaztuta badago, Aitor Hernandez bezalako espezialistek abantaila izan dezakete; lurra lehor badago, ordea, lehia orekatuagoa izan daiteke eta aukera gehiago izango dituzte Jonathan Lastra lako ziklistek.

Jose Maria Gonzalez Perezi omenaldia
Domekako jardunaldian Jose Maria Gonzalez Perez txirrindulari ohia omenduko dute, sari banaketaren aurretik. Bere ibilbide profesionalean La Casera-Bahamontes bezalako taldeetan aritu zen. Espainiako txapelduna izan zen, eta munduko txapelketan zortzigarren postua eskuratu zuen.

Prentsaurrekoan, Alberto Leanizbarrutia eta Julian Gorospe txirrindulari ohiek parte hartu dute eta biek antolatzaileen lana goraipatu dute: "Gaur egun ekonomikoki oso zaila da ziklo kroseko lasterketak aurrera ateratzea eta txalotzeko lana egiten duzue", adierazi du Gorospek. 

Julene Lazkano Elorrioko alkateak, bestalde, elorriarrak eta inguruko herrietako herritarrak lasterketara joatera eta txirrindulariak animatzera gonbidatu ditu. "Jarraitu dezagula beste hainbeste urtez ziklo-krosa gure herrian ikusten", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!