Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Udala jakinaren gainean jarri du udalerria bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko behin betiko agindua eman duela. Halaxe jakinarazi du Elorrioko Udalak ohar batean. Izendapen horrek hiru urteko hasierako indarraldia izango du, urtez urte luzatzeko aukerarekin, eta indarrean jartzearekin batera, etxebizitzarako eskubideari buruzko 12/2023 Legean jasotako hainbat neurri juridiko aktibatuko dira.
"Izendapenaren ondorio nagusia ohiko bizileku gisa erabiltzen diren etxebizitzen alokairua arautzeko araubide berezia ezartzea da. Horrenbestez, errentak finkatzeko eta eguneratzeko mugak ezarriko dira, eta etxebizitza-jabe handiei betebehar zorrotzagoak ezarriko zaizkie", azaldu dute.
Oharrak zehazten duenez, dagoeneko alokairuan zeuden etxebizitzen kasuan, kontratu berriaren errenta aurreko kontratuko azken errentak mugatuko du, dagokion eguneratzea aplikatu ondoren. Era berean, ezin izango da kontratu berrian baldintza berririk ezarri, baldin eta horien bidez maizterrari aurreko kontratuan aurreikusi gabeko kuotak edo gastuak ordainarazi nahi bazaizkio. Azken bost urteetan alokairuan egon ez diren etxebizitzen kontratu berrietan, berriz, errentak ezin izango du erreferentziazko prezioen indizeen sistemak ezarritako gehieneko muga gainditu.
Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko bat etxebizitza-jabe handitzat joko da udalerrian bizitegi-erabilerako bost hiri-higiezin edo gehiago dituenean, edo 1.500 metro karratutik gorako azalera eraikia duenean. Kasu horietan, alokairu-errentak ezin izango du aplikatzekoa den erreferentziazko prezioen indizeen sistemak ezarritako gehieneko muga gainditu.
Azaldutakoaz gainera, honakoa nabarmendu dute udaletik: "Eremu tentsionatu izendatzeak berekin dakar izendapenak indarrean dirauen bitartean erabilera turistikoko etxebizitza eta logela berriak ezartzeko debeku automatikoa".
Prozeduraren ibilbidea
Izendapen ofizial horrekin amaiera eman zaio 2026ko martxoaren 26an hasitako prozedurari. Egun horretan, Udalbatzak udalerria eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egitea erabaki zuen. Prozesua 2025eko apirilean Etxebizitzaren Behatokiak egindako txostenaren ondoren abiatu zen; izan ere, txosten horrek egiaztatu zuen Elorriok izendapena lortzeko beharrezko irizpideak betetzen zituela. Ondoren, Udalak egindako diagnostikoak "datu objektibo eta neurgarrien bidez" berretsi zuen Elorrioko etxebizitza-merkatua "desorekatuta" zegoela eta "ez zuela bermatzen etxebizitza eskuratzeko aukera arrazoizko baldintzetan".
Diagnostiko horretatik abiatuta, Udalak 26 neurri zehatz biltzen dituen Ekintza Plana diseinatu zuen, lau ardatz nagusitan egituratuta: alokairu eskuragarria sustatzea; eraikin-parkearekin eta hiri-birgaitzearekin lotutako jarduketak egitea; alokairurako prestazio eta dirulaguntzen sistema bat ezartzea; eta gobernantza- eta erakundeen arteko koordinazio-sistemak garatzea. "Jarduketa horietako batzuk martxan dauden arren, eremu tentsionatu izendatzea ezinbesteko lege-baldintza zen egiturazko neurriak ezarri ahal izateko; besteak beste, alokairu-prezioak mugatzea, maizterrentzako kontratu-luzapenak ezartzea eta etxebizitza-jabe handien aurrean zuzenean esku hartzea", zehaztu dute.
Ildo horretan, Julene Lazkano alkateak Udalak etxebizitzaren esparruan duen konpromisoa berretsi du: “Albiste ona da hau. Guk ezin dugu etxebizitzaren arazoa konpondu, baina gure esku dagoena egiten ari gara, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu. Herri tentsionatu izendatzea tresna bat da etxebizitza-merkatuan esku hartu ahal izateko”.
Aurreratu dutenez, ebazpen hori "laster" argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean.