"BBT martxagaz Palestinari elkartasuna adierazi eta diru bilketa egin gura dugu"

J.D.

Zugaitz Ayuso eta Juanjo Obregon, ekimena iragartzen duen kartelaren aurrean.

Zapatu honetan ibilbide biko BTT martxa solidario bat egongo da Elorrion. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta han laguntza humanitarioa ematen dabilen Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat dirua batzea dira martxaren helburuak. Juanjo Obregón Elorrio Palestinarekin mugimenduko kidea da eta Zugaitz Ayusok bizitza osoa darama bizikleta munduari lotuta. Mugimenduaren eta hainbat herritarren artean antolatu dute ekimena.

Zelan sortu zen ekimena?
Zugaitz Ayuso: Lagun artean okurritu zitzaigun. Dirua batzeko, bizikleta martxa bat egin zitekeela bota nion Juanjori. Beste egun batean, mendiko bizikletan askotan ibiltzen den beste lagun bati komentatu nion eta hari ere ideia ona iruditu zitzaion. Ondoren, hainbat pertsonaren eta Elorrio Palestinarekin mugimendukoen artean antolatu dugu. Udalaren laguntza ere izan dugu.

Zein da ekimenaren helburua?
Juanjo Obregón: Helburu nagusi bi ditu. Batetik, Palestinako herriari babesa eta elkartasuna adierazi gura dizkiogu. Bestetik, hango egoera humanitario dramatikoa ikusita, han bertan lan egiten duen Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat dirua batzea. Gaur egun Palestina ia desagertu egin da komunikabideetatik, baina Israelek bere genozidioagaz jarraitzen du eta lurren %70 okupatua du. Zisjordanian ere oso larria da egoera. Kolonoen erasoak geroago eta bortitzagoak dira, militarren oniritziagaz edo laguntza zuzenagaz. Horregaitik, Palestinari elkartasuna erakusten jarraitzea premiazkoa dela uste dugu. 

Zelan joan da izen ematea?
J.O.: Internetez 50 bat lagunek eman dute izena. Egunean bertan ere eman ahal izango da. Postu bat ipiniko dugu plazan.

Zer egongo da goizean zehar?
Z.A.: Ibilbide bi daude: 20 kilometroko bat eta 10eko beste bat; 09:00etan eta 10:00etan hasiko dira, hurrenez hurren, Elorrioko plazatik. Umeentzako tailerrak eta jolasak ere egongo dira, eta baita martxa txiki bat ere eurentzat. Txosna bat ipiniko dugu, tragoak eta pintxoak egongo dira salgai. Kirola jai-giroagaz uztartzeko aukera ederra dela uste dugu. 

Baturiko dirua Mundubat GKEari emango diozue. Zergaitik erakunde honi?
J.O.: Aukera batzuk aztertu genituen eta azkenean Mundubat aukeratu genuen, Palestinan bertan lan egiten duelako. 28 urte daramatza bere proiektua garatzen. Orain laguntza humanitarioa ematea da euren proiektu nagusia: ura, elikagaiak eta oinarrizko gauzak. Baina beste arlo batzuetan ere badabiltza. Bizikleta martxaz gainera, azken hileetan hainbat ekimen egin dugu dirua batzeko: materiala saldu dugu, zozketak… Udalean guk aurkezturiko mozio bi onartu dituzte Palestinara laguntza ekonomikoa bidaltzeko.  

Beste ezer gehitu gura duzue?
Z.A.: Ume, heldu, adineko eta adin guztietakoak gonbidatu gura nituzke Palestinan egoera oraindino zelan dagoen gogoeta egin dezaten. Bakoitzak bere aletxoa ipinita, aurrerapauso txikiak egin daitezkeela uste dugu eta horixe dugu helburu ekimen honegaz, guk ere gure aletxoa ipintzea. Hemen txirrindularitzak beti izan du indar handia, eta, beraz, indar horren bueltan eta giro euskaldun eta jatorrean diru bilketa polit bat egitea dugu helburu, Palestinako herriari laguntzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!