24 orduan film laburra egiteko erronka, bihartik hasita

A. M.

Artxiboko irudia.

Elorrioko 24 Ordu Digitalean film laburren lehiaketa ezagunaren 21. edizioa egingo dute asteburuan. Barikuan, 17:00etan jakinaraziko zaie parte hartzaileei zeintzuk izango diren aurtengo edizioko esaldi, objektu eta gai zehatzak. Ostean, 24 ordu izango dituzte film labur bat egiteko. 

"Jaialdiaren helburua multimedia munduaren zaleentzat parte hartze formula berria zabaltzea da, lantaldeak sortuta eta teknologia berriak erabilita. Sormenak, originaltasunak, ideia trebetasunak eta istorioen osaketak emaitza liluragarria eskaintzen dute beti", azaldu dute antolatzaileek. Iaz, adibidez, gaia oporrak izan ziren, erabili beharreko objektua pila, eta aipatu beharreko esaldia "Lagun onekin orduak labur".

Lanak zapatuan erakutsiko dituzte, azaroak 7, 20:00etan, Arriolan bertan egingo duten galan. Hiru sari banatuko dituzte bertan; talde irabazleak 700 euro poltsikoratuko ditu, eta beste talde finalista biek 500 euroko sari bana eramango dute. Informazio gehiagorako eta izena emateko, 24ordu@ arriolaka.com helbidera idatzi daiteke. Parte hartzaileek formatu digitalean aurkeztu beharko dute lana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!