Musika Eskola hobetzeko proposamena izan da bozkatuena Elorrioko aurrekontu parte-hartzaileetan

J.D.

Egitasmoak 159 boto eskuratu ditu, baliozkoen % 45,30.

Elorrioko herritarrek Musika Eskolan hobekuntzak egitea lehenetsi dute 2027ko aurrekontu parte-hartzaileei begira. Urriaren 5etik 16ra bitartean gauzatu den bozketa-aldian, udalerria hobetzeko xedez aurkeztutako bost proposamenen artean hautatu ahal izan dute, udalak ohar batean zehaztu dutenez.

Prozesua herritarren ekarpenak biltzeko fasearekin abiatu zen, 2026ko ekainaren 22tik uztailaren 6ra. Lehen urrats horretan 94 proposamen jaso ziren, eta, jarraian, horien balorazio tekniko eta ekonomikoari ekin zitzaion. Udal-eskumena, interes orokorra eta bideragarritasuna aintzat harturik, bost proiektu igaro ziren bozketa fasera.

Bozketara aurkeztutako proposamenek honako emaitza hauek izan dituzte:

  • Musika Eskolan hobekuntzak egitea: 159 boto (% 45,30).
  • Hilario Azkarate pilotalekuko hormak konpontzea: 87 boto (% 24,79).
  • San Joseko haur-parkea berritzea eta baselizan esku hartzea: 46 boto (% 13,11).
  • Kanpokaleko parkea egokitzea, zuhaixkak kenduta eta bestelako landare batzuk landatuta: 41 boto (% 11,68).
  • Hilerriko eraikinetako teilatuak konpontzea: 18 boto (% 5,13).

Parte-hartzea: telematikoa zein aurrez aurrekoa

Bozketa-fasean 387 erregistro jaso dira guztira; horietatik 351 izan dira baliozkoak. Boto gehienak elorrixoizanparte.eus webgunearen bidez bideratu dira: 291 boto, hau da, baliozko botoen % 82,91.

Aurrez aurreko parte-hartzeak beste 60 boto bildu ditu: horietatik 38 Udaletxeko eta Iturri Kultur Etxeko postontzietan utzi dira, eta gainerako 22ak, berriz, informazio-postuan.​

Generoaren ikuspegitik, emakumezkoenak izan dira baliozko botoen % 61,82. Adin tarteei dagokienez, 40 eta 49 urte bitarteko herritarrek parte hartu dute gehien; jarraian kokatu dira 50-59 eta 60-69 adin-tarteetakoak. 

Herritarren lehentasuna 2027ko aurrekontuei begira

Aukeratutako proposamenak lehen faseko bi ekarpen bateratzen ditu, biak ala biak Musika Eskolaren barruko espazioa handitzera eta egokitzera bideratuak. Eskuratutako 159 botoei esker, bigarren aukerak baino 72 boto gehiago lortu ditu.

Ekipamendu horretako hobekuntzak izango dira, beraz, herritarrek prozesura bideratutako 50.000 euroko partidaren barruan lehenetsi duten jarduketa. Aurrerantzean, Udalari dagokio esku-hartze zehatza eta hori gauzatzeko egutegia zehaztea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!