Bizikidetza baketsua eta elkarrizketa sustatzeko Bitartekaritza Komunitario Zerbitzua indartu du Elorrioko Udalak

J.D.

Udalak Argi-Begi elkarteko profesionalen esku jarri du herritarren arteko desadostasunak elkarrizketaren bidez bideratzeko doako baliabidea.

Elorrioko Udalak herriko elkarbizitza zaintzeko eta auzo-harremanak indartzeko konpromisoari eutsi dio Bitartekaritza Komunitarioko Zerbitzuaren bidez. Baliabide publiko honen helburu nagusia "eguneroko bizikidetzan tentsioa eta ezinegona areagotu dezaketen gatazkak aldez aurretik era asertiboagoan prebenitzea eta bideratzea da", udalak ohar batean azaldu duenez. "Horrela, herritarrei aholkua emanez eta akonpainamendua eginez bide hurbila eta konfidentziala eskaintzen zaie liskarrak handitu edo judizializatu aurretik akordio adostuetara iristeko", gehitu dute.

Zerbitzuak eguneroko bizitzan sor daitezkeen arazo eta tirabirari erantzuten die, hala nola, gehiegizko zaratak eragindako eragozpenak, usain desatseginak, eraikinetako konponketa eta mantentze-lanak, espazio komunen erabilera desegokia, hezetasunak, erantzukizun zibileko kalteak nahiz jarrera antisozialak besteak beste. Era berean, bitartekaritza zerbitzua zabalik dago bizilagunen edo jabe-komunitate desberdinen arteko gatazkak bideratzeko, bai eta herritarren eta saltokien, lur-jabe pribatuen edota herritarren eta tokiko administrazioaren arteko tirabirak bideratzeko ere.

Herritarrei arreta emateaz Argi-Begi bitartekaritza-elkarteko diziplina anitzeko taldea arduratzen da, Psikologian, Zuzenbidean, Pedagogian eta Gizarte Hezkuntzan eskarmentu handia duten profesionalek osatua. Haien egitekoa alderdien arteko komunikazio-bideak berreskuratzea eta bi aldeentzat bidezkoak eta iraunkorrak izan daitezkeen konponbideak erraztea da, betiere inpartzialtasun eta konfidentzialtasun osoz.

Zerbitzu honetarako txanda eskatzeko bi modu daude: 667 709 417 telefono zenbakian edo bitartekaritza@argi-begi.eus helbide elektronikoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!