"Zuzenean abesten dugu eta sekulako inauteria antolatzen dugu taula gainean"

Aritz Maldonado

Patricia Urrutia, makurtuta. itziar bastarrika

Benetan Be konpainiak Bidutzi lan berria estreinatu zuen domekan. Oraindino aje gozoa gorputzean duela hartu du Patricia Urrutia konpainiako kideak ANBOTO. Domekan Elorrioko Arriolan izango dira. Horrez gainera, Durangon (azaroak 1), Berrizen (abenduak 11) eta Zornotzan (abenduak 29) ere egingo dituzte emanaldiak datozen asteetan. Urrutia bera, Ion Zumelaga eta Juanma Rodriguez dira antzezlaneko aktoreak; Maite Lopez berriztarra eta Garazi Magunagoitia atxondarra jantzitegiaz arduratu dira.

Zelako harrera izan du estreinaldiak?
Oso ona! Sopelako Kurtzio kultur etxean egin genuen estreinaldia eta aretoa bete-beterik zegoen; astebete lehenagotik sarrera guztiak salduta zeuden. Txalo mordoa jaso genuen, baita espero ez genuen momentuetan ere. Ikus-entzuleek gugaz kantatu zituzten abesti zati batzuk, eta erritmoari txaloka jarraitzen zioten. Beraz, estreinaldi gozoa izan zen. 

Bira horrela hastea oso garrantzitsua da, bultzada itzela da guretzat. Zure lanak jendaurrean erantzun ona jaso duela ikusteak segurtasuna ematen dizu zelanbait. Apustua ondo irten dela, obrak funtzionatzen duela eta publikoak ondo hartu duela ikusteak konfiantza handia ematen du aurrera jarraitzeko.

Nor da Bidutzi?
Bidutzi inauteri gauean galduta dagoen munstrokume bat da, hiru urte ingurukoa. Pozarren dabil mozorro eta munstro artean, kaosak kaleak hartzen dituen gau zoragarri horretan. Baina gau horretan Bidutzik trantsizio erritua bete behar du, hau da, norbait ikaratu behar du bere kabuz. Gogotsu dago norbait ikaratzeko, baina aldi berean bere ikara propioak kudeatzen ikasi beharko du.

Prozesu guztietan legez, gure sorkuntzak gure inguruko umeengan sumatzen ditugun egonezin, kezka eta jakin-minetan du abiapuntua. Horietan arreta ipintzen dugu eta zerbaitek atentzioa deitzen digunean ikertzen hasten gara. Askotan konturatzen gara ez direla gure ingurukoen kontu puntualak, kasu unibertsalak direla baino. Kasu honetan, adin tarte batetik bestera moldatzen diren beldurrak izan dira. Haurtzaroan beldur asko izaten da, eta adin tarte batzuetatik beste batzuetara pasatzerakoan garai latzak bizitzen dituzte; adibidez, bakarrik lo egiten ikasi duten umeek berriro gurasoekin lo egin gura izaten dute, edo atzazalak jateari utzi eta gero berriro jaten hasten dira. Ikerketa prozesuan ikusi dugunagaitik, haurtzaroan jolasen bitartez ikasten dugu beldurrak kudeatzen, antza. Orduan, haurtzaroko beldurrei buruz jolasen bitartez berba egitea erabaki genuen, tarte batetik besterako jauzi horietan arreta berezia ipinita.

Antzezlanean gizakiak eta munstroak elkarregaz bizi dira. Nork ematen du beldur gehiago?
Itxurarik txarrena ez da beti beldurgarriena; badaude munstroek baino beldur handiagoa ematen duten gizakiak. Antzezlanean bertan, Bidutzik atzetik izango ditu bera harrapatu gura dituen Eureka doktorea eta haren laguntzailea; Nobel Saria irabazteko harrapatu eta aztertu gura du. Beste pertsonaia garrantzitsuetariko bat Ainara da. Lau urteko neskatila inauterizale amorratua da, eta berak ere kudeatu beharko ditu kudeatu beharrekoak gau zoro horretan. Aldaketa une sakon batean daude, elkarri lagundu behar diote, eta bakoitzak behar duena onartzen edo lortzen ahalegindu behar duela ikasten dute, eta, beraz, lagun arteko istorio bat ere bada.

Durangaldean hainbat emanaldi egingo duzue.
Bai, eta oso gogotsu gaude! Ion Zumelagak, Juanma Rodriguezek eta hirurok hamaika pertsonaia egiten dugu: munstroena, mozorrotuena... Horrez gainera, zuzenean abesten dugu Josu Aginagak egindako soinu banda zoragarria. Sekulako inauteria antolatzen dugu oholtza gainean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!