Joan zen egueneko udalbatzarrean 2027ko ordenantza fiskalak onartu zituzten Elorrion. Proposamena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Podemosen kontrako botoarekin onartu zen.
Datorren ekitaldiari begira udal-zergen eta tasen % 4ko eguneratze orokorra onartu zuten. KPIaren azpitik dagoen igoera dela nabarmendu du udalak ohar batean: "2026ko iraileko KPIa % 5ean kokatzen da Autonomia Erkidegoan. Horrela, Udalak onartutako % 4ko igoera KPIaren bilakaeraren azpitik geratzen da, zerbitzu publikoen finantzaketa ahalmena mantentzeko helburuarekin eta, aldi berean, herritarrek bizitzaren garestitzearen gainetik dagoen zama gehigarririk har ez dezaten".
Oposizioaren ekarpena
Gobernu Taldearen hasierako proposamenak EAJren bi ekarpen txertatu dituela azaldu dute: alde batetik, Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) % 99ko hobaria alokairura bideratutako etxebizitza hutsen programen barruan administrazio publikoei lagatako higiezinentzat; eta, bestetik, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) % 50eko hobaria higiezin partikularretan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeagatik.
Tasa turistiko berria
Osoko Bilkuran berretsitako beste berritasunetako bat tasa turistikoa arautuko duen ordenantza fiskal berri baten onarpena izan da, zeinak egonaldiei lotutako tasa aplikatzeko udal-esparrua ezartzen duen. Horrela, udalerriko jarduera turistikoaren errealitatera eta bilakaerara egokitutako udal-tasa berri bat txertatu da.
Maria Herrero Arriolabengoa Udaleko Ogasun zinegotziak Gobernu Taldearen proposamena defendatu zuen osoko bilkuran: “Ordenantza fiskalen eguneratzeak udal-zerbitzu publikoen jasangarritasuna bermatzeko beharrari erantzuten dio, kostuen igoeraren testuinguru honetan. Udalak % 4ko eguneratze orokorraren alde egin du, prezioen bilakaeraren azpitik, zergen eta tasen eguneratzeak bizitzaren kostuaren gaineko igoerarik ekar ez dezan. Ikuspegi aurrerakoi batetik, kalitatezko zerbitzu publikoak mantentzeak ezinbestean eskatzen du udal-sarrera nahikoak eta egonkorrak bermatzea. Udal-fiskalitateak funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzeko aukera eman behar du, hala nola gizarte-zerbitzuak, kultura, kirola, garbiketa, espazio publikoen mantentzea edo etxebizitza-politikak".