Elorrioko Udalak gazteen emantzipaziorako eta ikasketetako garraiorako dirulaguntzak argitaratu ditu

Anboto

Bi deialdiek 18 eta 35 urte bitarteko herritarren etxebizitza-alokairua eta 18 eta 30 urte arteko ikasleen joan-etorriak finantzatzen lagunduko dute.

Udalak herriko gazteen autonomiari eta prestakuntza akademikoari begirako bi dirulaguntza-deialdi berri argitaratu ditu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO). Alde batetik, gazteek alokairuko etxebizitzak eskuratzeko laguntzen deialdia onartu da, hasiera batean 5.000 euroko aurrekontu-sailarekin. Bestetik, unibertsitateko eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasketek eragindako garraio-gastuak arintzeko laguntza-lerroa bideratu da, 4.000 euroko zuzkidurarekin. Bi kasuetan, aurrekontu-partidak handitu ahal izango dira aurrekontu-baliabideen arabera, udalak ohar batean azaldu duenez.

Etxebizitzaren alokairurako dirulaguntzei dagokienez, 18 eta 35 urte bitarteko gazte emantzipatuei zuzenduta daude, 2025. urtean zehar ordaindutako alokairu-kostua arintzeko helburuz. Deialdian parte hartzeko, eskatzaileek alokairu-kontratu baten titular izan behar dute eta Elorrion gutxienez urtebeteko etenik gabeko errolda egiaztatu (edo bost urte jarraian) b ehar dute. Horrkein batera, diru-sarrera gordinak ezingo da izan urtean 28.000 eurotik gorakoa (34.000 euro familia-unitateen kasuan). Laguntzak eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera esleituko dira, espedientea behar bezala osatuta dagoen neurrian eta ezarritako zenbatekoa agortu arte.

Bestalde, ikasketetarako garraio-laguntzek 18 eta 30 urte arteko gazteak dituzte xede, 2025-2026 ikasturtean Elorriotik 115 kilometro baino gutxiagora kokatutako ikasketa-zentroetara garraio publikoz nahiz pribatuz egunero edo ia egunero joan izanak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko. Deialdira aurkeztu ahal izateko, eskatzaileek Elorrion gutxienez 12 hilabeteko antzinatasunarekin egon behar dute erroldatuta, unibertsitate-ikasketetan edo goi-mailako heziketa-zikloetan matrikulatuta egon izana egiaztatu, eta ikasturtean zehar langabezian egon edo gehienez 250 lan-ordu bete izana bete beharko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!