Elorrion haur eta gazteentzako irakurketa lehiaketa abiatu dute

J.D.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako irakurketa maratoia abenduaren 3an amaituko da.

Elorrioko Udalak martxan jarri du asteon herriko haur zein gazteen artean irakurzaletasuna ikusgarri egitea helburu duen Irakurketa Lehiaketa. Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako ekimen honek 30. edizioa izango du aurten, udalak ohar batean zehaztu duenez

Lehiaketan parte hartzeko, ikasleek gutxienez bi libururi buruzko iruzkina egin beharko dute. Liburutegian jaso daitekeen lan-fitxak osatu eta entregatu beharko dituzte ezarritako epeen barruan. Lehenengo fitxa aurkezteko azken eguna azaroaren 6a izango da; bigarren fitxa, berriz, abenduaren 3ra arte entregatu ahal izango da. Dokumentu horien bidez, parte-hartzaileek irakurritako liburuen inguruko gogoetak zein iritziak helaraziko dizkiote epaimahaiari.

Ekimenari amaiera emateko, abenduaren 11n sari-banaketa ekitaldi berezia egingo da. Egun horretan, parte hartzaileak eta irabazleak saritzeaz gain, Badut konpainiaren ipuin kontaketa egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!