Urriaren 19an martxan jarriko da Elorrioko hirigune historikoko zati baterako sarbideak kontrolatzeko sistema berria

J.D.

(Argazkia: Elorrioko Udala)

Ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da erdiguneko bost kaleetan:  Erreka, Urarka, Kanpokale, Elbira Iñurrieta eta San Pio kaleetan.

Udalak urrats esanguratsua egingo du herriko hirigune historikoaren babesean eta oinezkoen mugikortasunean. Joan den 2026ko otsailaren 5ean Hiriko bide publikoetako trafiko, erabilera eta segurtasun ordenantza berria onartu ondoren, azken hilabeteetan sarbideak kontrolatzeko teknologia-sistema instalatzeko lanak egin dira Erreka, Urarka, Kanpokale, Elbira Iñurrieta eta San Pio kaleetan (azken hau taxien geldilekuaren eremuan).

Sarbide-kontrol hau ezartzearen helburu nagusia erdiguneko kale horietan ibilgailuen sarrera zein zirkulazioa "arautzea eta ikuskatzea" da, herrigunearen "izaera oinezkoa, komertziala eta egoitza-izaera sendotuz", udalak ohar batean azaldu duenez. Ekimen honen bidez, "hiri-espazioaren babesa eta herriko ondare historikoaren zainketa bermatuko dira, oinezkoen segurtasuna nahiz gozamena une oro lehentasun absolututzat hartuta", adierazi du.

Gaur egun proba-aldian dagoen kontrol-sistema hau datorren astelehenean, urriaren 19an, jarriko da behin betiko abian. Data horretatik aurrera, erabat debekatuta egongo da aipatutako kaleetan ibilgailuz zirkulatzea; salbuespen bakarrak baimendutako ibilgailuak (aldez aurretik eskaera egin duten auzokide zein merkatariak) eta larrialdi zerbitzuak izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!