Arratsaldean zehar prestatze lanak eta entseguak egingo dituzte. Grabazioak gauez izango dira, 22:00 ingurutik aurrera, eta hainbat ordu iraungo dute, goizaldera arte. Egunotan filmeko eszena gehiago ere grabatzen dabiltza Elorrion, baina barruko eszenak dira.
Elorrio ez ezik, Durango eta Atxarte ingurua ere agertuko dira filmean. Joan zen asteko eguenean Durangoko Santa Ana plazan ibili ziren grabatzen, eta datorren astean Atxarte inguruan ibiliko dira. Atxartek meategi baten kanpoaldearen itxura hartuko du.
Filma Rafaela Ybarraren ingurukoa da. Ybarra Bilbon jaio zen, 1843an, goi burgesia industrialeko familia batean. Bere bizi osoan, baliabide eta ekintzarik gehienak haur zaurgarriak eta emakume bat babestera eta prestatzera bideratu zituen. Filantropoa izateaz gainera, erlijiosoa zen eta Aingeru Santuen Kongregazioa sortu zuen. Juan Pablo IIa Aita Santuak dohatsua egin zuen 1984an.
Filmean, bere inguruari aurre eginda, Ybarrak prostituzio egoeran dauden emakume bi bere etxean sartuko ditu, etorkizun hobe bat emateko asmoz. Baina Catalinak, gazteetako batek, ez du onartzen Rafaelak berarentzat imaginatu duen etorkizuna. Filmak euren arteko erlazioan sakontzen du, garai hartako testuingurua kontuan hartuta; esaterako, Elorrion grabatuko duten meatzarien protesta.
Mendilibar, talde teknikoan
Rafaela filma Alba Lozanoren opera prima izango da. Talde teknikoari dagokionez, izen bat eskualdekoa da. Aitor Mendilibar zaldibartarra argazki zuzendaritzan ibiliko da.
Drama historiko honen protagonistak Loreto Mauleón (La buena letra), Nerea Sanz (Odol ilargia) eta Miguel Garcés (Los domingos) izango dira. Haiekin batera, Arnatz Puertas eta Ekia Izco aktoreek ere parte hartuko dute. Filma Baleukok, 11 Varas-ek, 100 Acres-ek eta La Claqueta-k ekoiztuko dute, Caviar-egaz koprodukzioan, eta EITBren eta RTVEren partaidetza du. Pelikula euskaraz filmatuko dute.