Cielo Rasok proposamen adoretsua dakar Arriolara 'Euforia' lanagaz

Aritz Maldonado

Igor Calongek sorturiko Cielo Raso konpainiak bere azken lana aurkeztuko du gaur Arriolan, 20:00etan: 'Euforia'

Cielo Raso konpainiak Euforia lana antzeztuko du Elorrioko Arriolan gaur, barikuan. Igor Calongek zuzendu du lan berri hau ere, eta oraingoan kolorearen, argiaren, eta funtsean mezu pozgarri baten alde egin du. "Modu naturalean gertatu da aldaketa. Nee obrak nire bizitzako etapa bat hartzen du eta Euforia ekaitz horren hurrengo pausoa da. Nee ere ez nuke esango guztiz iluna denik, hondoratzen ari den barku batean ere itxaropena dagoela erakusten du-eta, neurri batean", azaldu du Calongek. Dantzarien mugimenduak ez ezik, beste baliabide eta artefaktu batzuekin sortzen den emaitza azpimarratu du zuzendariak. Dantzariak Toni Aguilera, Maialen Mariezkurrena, Jon Vernier, David Candela eta Ainhoa Usandizaga dira. 

Iazko abenduaren 13an estreinatu zuten Euforia, Donostiako Gazteszenan, eta harrezkero hainbat aretotan taularatu dute. "Pozarren gaude izandako harreragaz. Hiru hilabeteko produkzio lanetik gentozen eta ez nengoen oso konbentzituta zelan irtengo zen, baina ondo joan zen eta pozik gaude", azaldu du Calongek. Baionako Michel Portal antzokian eta Getxoko Muxikebarrin egon dira, eta Elorrio bisitatu eta gero Hernanin eta Zarautzen ere taularatuko dute obra. "SusiQ aldizkari espezializatutako Omar Khan zuzendariak sekulako kritika idatzi zigun; izugarri gustatu zitzaion, antza", gehitu du zuzendariak.

Nazioartean
Cielo Rasoko kideak aurretik ere dantzan aritutakoak dira nazioartean. Calonge bera Kolonbiara joango da Nee ikuskizunagaz 2027an. Hala ere, Euforia lanagaz jauzi hori ematea gatxago ikusten du: "Sei kideko obra bat izateak asko baldintzatzen du logistika; sei egutegik bat egitea oso gatxa da".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!