Azaroaren 7an Palestinaren aldeko BBT martxa antolatuko du Elorrio Palestinarekin plataformak. Elorrioko BTT Elkartasun martxa auzoz auzo, Palestinaren Alde izeneko ekimenaren helburua Palestinako herriari "babesa eta elkartasuna adieraztea dira, eta aldi berean herritarrak mendi bizikletaren inguruan elkartzea", antolatzaileek ohar batean adierazi dutenez.
Martxak bi ibilbide izango ditu: familia osoarentzako egokia den 10 kilometroko ibilbide laburra, eta esperientzia handiagoa duten parte-hartzaileentzat prestatutako 20 kilometroko ibilbide luzea, 560 metroko desnibel metatuarekin. Irteerak Elorrioko plazatik egingo dira, 9:00etan eta 10:00etan hurrenez hurren.
Jardunaldia ez da soilik kirol ekitaldi bat izango. Goiz osoan zehar, plazan tailerrak, jolasguneak, musika eta giro atsegina izango dira, eta eguerdiko 12:00etan ekitaldi bateratua eta herri-argazkia egingo dira.
Ekimenaren bidez bildutako diru guztia Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari emango zaio. Laguntza hori Palestinan garatzen diren proiektuetara bideratuko da, besteak beste, elikagaiak eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko laguntza humanitariora, emakumeen eta nekazarien elkarteekin lankidetza indartzera, haur eta familientzako laguntza psikologikora eta elikadura-burujabetza sustatzeko proiektuetara.
Izena emateko epea azaroaren 4an amaituko da. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, izan bizikletaz martxan edo egunean zehar antolatutako gainerako jardueretan, Palestinako herriarekiko elkartasun mezua zabaltzeko.
Informazio gehiago eta izen-emateak:
https://inscripciones.kronoak.com/eu/ekitaldia/elorrioko-btt-elkartasun-martxa-palestinaren-alde