Elorrioko aurrekontu parte-hartzaileen bozketak urriaren 16ra arte iraungo du

J.D.

Herritarrek udalerria hobetzeko bost proposamenen artean aukeratu dezakete. 

Elorrioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen bozketa-fasea abiatu du asteon eta urriaren 16ra arte iraungo du. Herritarrek udalerrirako jarduketak aukeratzen parte hartu ahal izango dute, 50.000 euro bideratuko zaizkion prozesu baten bidez, udalak ohar batean azaldu duenez.

Lehen fasean jasotako ekarpenak berrikusi eta haien balorazio teknikoa eta politikoa egin ondoren, bost proposamen igaro dira bigarren fasera. Honako proposamen hauen artean bozkatu daiteke:

  • San Joseko haur-parkea berriztea eta baselizan eskuhartzea egitea.
  • Kanpokaleko parkea txukuntzea, arbustuak kenduz eta landareak jarriz.
  • Hilario Azkarate frontoiko paretak konpontzea.
  • Musika Eskolan hobekuntzak egitea.
  • Hilerriko eraikinen teilatuak konpontzea.

Elorrion erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu dezakete. Pertsona bakoitzak behin bakarrik bozkatu ahal izango du, eta bost proposamenetatik bakarra aukeratu.

Bozketa elorrixoizanparte.eus webgunean egin daiteke. Aurrez aurre parte hartu nahi dutenek udaletxean eta Iturri Kultur Etxean jarritako postontzietan utzi dezakete botoa. Horrez gainera, parte hartzeko postuak jarriko dira honako leku eta ordutegi hauetan: urriaren 9an eta 16an, 11:00etatik 13:00etara, udaletxearen inguruan; urriaren 16an, 16:00etatik 19:00etara, Esteibarlanda eta Ibarra kaleen inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!