Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak abiatuko ditu Elorrioko Udalak

J.D.

(Argazkia: Elorrioko udala)

Hilabete honetan bertan hasita, Azalerako ipuinak, Berba Kabi eta Berbaparranda egitasmoek literaturaz, aho tradizioz eta sormenaz gozatzeko topagune berezia eskainiko diete herriko txikiei zein gazteei.

Elorrioko udal-liburutegiak haur eta gaztetxoentzako hainbat jarduera abiatuko ditu, literatur zaletasuna sustatzeko. Adin-tarte ezberdinei egokitutako hiru egitasmo nagusik osatuko dute literatura-eskaintza: 0 eta 2 urte arteko haurtxoentzako Azalerako ipuinak, 3 eta 8 urte bitartekoentzako Berba Kabi txokoa eta gaztetxoei zuzendutako Berbaparranda irakurzale-kluba, udalak ohar batean azaldu duenez.

'Azalerako ipuinak'
Saroa Bikandik dinamizatzen duen Azalerako ipuinak ekimenak hiru hitzordu izango ditu udazkenean zehar eta 2027ko udaberrian jarraituko du. Ukimenaren bitartez, masaiak eskaintzen duen hitz gabeko komunikazioaz baliatuz haurtxoa literaturan murgiltzeko ahozko tradiziotik eta haur literaturatik jasotako kantu, olerki, hitz-joko eta ipuin laburrak berreskuratzen ditu Bikandik. 36 hilabete arteko haur eta haren senitarteko bati zuzendua dago. 40 minutuko saioak izango dira eta bi talde osatuko dira: 0-18 hilabete arteko umeena 16:30tan eta 19-36 hilabete artekoena 17:15tan.

'Berba Kabi'
3 urtetik 8 urtera bitarteko haurrek ere izango dute beraien txokoa Amaia Egidazu kontalari, idazle eta ilustratzailearen Berba Kabi familientzako literaturzale-klubean. Urrian hasi eta maiatzera bitartean, hilean astearte batean elkartuko dira haurrak heldu batek lagunduta, aho-korapilo kantu eta kontu ugaritan aritzeko. Saio bakoitzean Amaiak gomendatutako liburuak ezagutu eta etxera eraman ahal izango dituzte gainera. Izen emateak  urriaren 2ra arte iraungo du. Denontzako lekurik ez badago, zozketa egingo da.

'Berbaparranda'
Azkenik, Berbaparranda klubean, LH3 eta LH6 artean ikasten duten gaztetxoek, liburuak irakurtzeaz gain, iritziak trukatzeko, gogoetak partekatzeko eta literaturaren inguruan elkarrekin ondo pasatzeko espazio dinamikoa izango dute. Hilean behin, Oihana Etxegibelek gomendatutako liburu bat irakurriko dute eta hari buruzko gogoetak partekatuko dituzte saioetan. Izen-ematea liburutegian bertan egin daiteke eta bertan jasoko da lehen saiorako liburua. Hurrenkera errespetatuko da eta leku gabe geratu den hori itxaron zerrendan jarriko da.

Informazio gehiago jasotzeko udal-liburutegira jo daiteke.

AZALERAKO IPUINAK( haurtxo eta familientzako tailerra):

  • 2026: irailak 30; urriak 28; azaroak 25.
  • 2027: otsailak 24; apirilak 28 eta maiatzak 26.

BERBA KABI (literatur txokoa familian):

  • 2026: urriak 14; azaroak 11; abenduak 9.
  • 2027: urtarrilak 13; otsailak 10; martxoak 3; apirilak 14; maiatzak 12.

BERBAPARRANDA (gaztetxoentzako irakurle kluba):

  • 2026: urriak 14; azaroak 11; abenduak 9.
  • 2027: urtarrilak 13; otsailak 10; martxoak 3; apirilak 14; maiatzak 12.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!