Urriko lehen domeka denboran lau mende atzera egiteko eguna da Elorrion. Goizaldetik arratsaldera bitartean, Errebonbilloen alardearen eta herriko beste hainbat ekitaldiren protagonistak izango dira kaleak.
Goizeko bostetan hasiko da eguna, Errebonbilloen goizaldeko kalejirarekin. Ondoren, 11:00etan, nesken gomazko paleta zirkuitua izango da plazako frontoian. 11:30ean, berriz, meza nagusia izango da basilikan, koruaren parte-hartzearekin.
Meza ostean, 12:30ean, Jaizale Durangaldeko Txistulariek kontzertua eskainiko dute herriko plazan.
Arratsaldean, 17:00etan, alardea eta dantzak izango dira plazan, eta horiekin emango zaio amaiera eguneko egitarau nagusiari.
Errebonbillo eguna Elorrioko Udalak, Elorrioko Errebonbilloek, Munduko Pilota Batzarrak, Hori Hori Elorrio Pilota Klubak, Basilikako Koruak eta Jaizale Durangaldeko Txistulariek antolatu, lagundu eta babesten dituzte.