Zakarrontzitik atera eta biral bihurtu ziren argazkien erakusketa ikusgai dago Elorrion

Joseba Derteano

Iturri Kultur etxean ikusi daitekeen argazki bat. Argazkian Elene eta bere ama ageri dira, Elorrion. (Argazkia: Artxiboa, Hibai Agorria)

Zabortegi batean erreta amaitzeko zorian egotetik, biral bihurtu zen fenomeno bateko protagonista izatera pasatu ziren egunotan Elorrioko Iturri kultur etxean ikusgai dauden irudiak. Lerrootan irudiko argazkiaren istorioa jaso dugu Hibai Agorria argazkilariaren laguntzagaz. 

Orain hamar bat urte, Daniel Asua gernikarrak argazki negatibo batzuk aurkitu zituen Madrilgo rastro bateko zakarrontzi batean. Argazkizalea eta argazkilaria denez, hartu eta begiratzen hasi zen. 160 irudi inguru ziren, 1954, 1955 eta 1956 urteetan ateratakoak. Gernika agertzen zela ohartu zenean, negatiboak etxera eraman zituen, baina urte batzuk igaro ziren haien istorioa argitzen hasi aurretik.

Asuak Hibai Agorria argazkilari gernikarrarengana jo zuen argazkien jatorriari buruz argi apur bat ipini guran. Irudiak eskaneatu eta aztertuta, familia baten oporraldiak dokumentatzen zituztela konturatu ziren: hiru urtez segidan, Elorrio, Gernika eta Lekeitiotik Donostiarainoko kostaldea bisitatu zituzten. Familiaren arrastoa aurkitzen saiatu ziren historialarien laguntzarekin, baina ikerketak ez zuen emaitzarik eman.

Orduan, argazkiekin erakusketa bat antolatu zuten Gernikako kultur etxean eta, egun batetik bestera, espero ez zuten oihartzuna izan zuen. Argazkietako familiaren istorioa "birala" bihurtu zen.  "Telebista, irrati, egunkari… 60 bat elkarrizketa emango genituen. Apur bat zoramana izan zen", gogoratu du Agorriak.  

Misterioa, argituta
Albiste honetako irudiaren misterioa handik hilabete batzutara argitu zen, telefono dei bat jaso zutenean: argazkietako emakumea zen, Elene. 80 bat urte zituen eta Madrilen bizi zen. "Elenek kontatu zigunez, bere aita zen argazkien egilea;  aita hil ondoren, etxeko altzari bat zakarrontzira bota zutenean, altzariko kaxoi barruan joan ziren negatiboak ere", azaldu du Agorriak. "Berak argazki horiek ikusi barik zituela esan zigun. Argazkiak bueltatu genizkion eta, horrela, 70 urtez galduta egondako oroitzapenak berreskuratu ahal izan zituen".  

Elorriogaz lotura
Bildumako argazki dezentek Elorriogaz lotura dute. Irudi askotan herria agertzen zen, eta familiak Elorriogaz loturaren bat izan zezakeela susmatzen zuten Agorriak eta  Asuak. Susmo hori konfirmatzeko modua izan zuten. Izan ere, Elorrioko emakume bat eurekin harremanetan jarri zen eta familia ezagutzen zuela esan zien: lehengusuak zituzten Elorrion. Haiek bisitatzera etortzen ziren eta, bide batez, beste herri batzuk bisitatzen zituzten. 

Elorrioko erakusketa
Gernikako erakusketak arrakasta handia izan zuen eta Elorrion antolatzea ere interesgarria iruditu zitzaien. Horixe da egunotan Iturri kultur etxean ikusgai dagoena; Rastrotik Elorrixora. Erakusketa Elorriora egokitu dute eta 160 argazkiko artxibotik 40 bat aukeratu dituzte, gehienak herrian ateratakoak. Urriaren 2ra arte egongo da ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!