Elorrioko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko programazioa aurkeztu du, emakumeen ahalduntzea eta berdintasuna ardatz hartuta

J.D.

Tailer literarioak, zoru pelbikoa, umorea, sendabelarrak eta Azaroaren 25eko ekimen bereziak bilduko ditu ikasturte berriko eskaintzak.

Udaleko Berdintasun Sailak 2026ko udazkeneko ikastaro eta ekimenen egitaraua aurkeztu du. "Eskaintza honen helburu nagusia emakumeen ahalduntze pertsonal zein kolektiboa sustatzea eta genero-berdintasunaren inguruko hausnarketa sakontzea da", azaldu dute udaleko ohar batean. Horretarako, hainbat arlo uztartzen dituzten lantegiak antolatu dira: 'Eskutitzen inbentarioa' literatura-lantegia, sendabelarrak ezagutzeko saioak, zoru pelbikoa sendotzeko eta ezagutzeko ikastaro multidiziplinarra, nahiz barrea eta komikotasuna bultzatzeko saioak. Horrez gain, emakume migratuei zuzendutako "Zatoz Gurekin" hizkuntza eta ahalduntze programa eta Emakumeentzako Sostengu Taldeak ere jarraipena izango dute.

Kultura eta memoria historikoa ere presente egongo dira udazkeneko programazioan. Urriaren 17an, Berriozabaletako iturrian, Memorias líquidas ikuskizuna egingo da, ur-korrontea etxeetara iritsi aurretik garbitokietan eta iturrietan emakumeek egiten zituzten zaintza-lanak eta sortzen zituzten sororitate-espazioak omentzeko. Bestalde, gizonen artean maskulinitate eredu berriak eta zaintzak hausnartzeko gizon-taldeak hilero elkartzen jarraituko du, eta 12 eta 20 urte bitarteko gazteentzat Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren XVII. edizioa jarri da martxan.

Azaroaren 25ari begirako ekimenak
Azaroaren 25eko (Emakumeen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna) programaren barruan, hainbat jarduera azpimarragarri antolatu dira. Azaroaren 19an, Kattalin Garaizabal historia-alderdiaren eskutik, Emakumeen papera nazio askapen mugimenduetan hitzaldia eta NODE konpainiaren Emakumeak dantza ikuskizuna izango dira. Halaber, azaroaren 21ean, Hezkidetza hezkuntza ez-formalean Elorrion jardunaldia egingo da, aisialdiko begirale eta gizarte-hezitzaileei zuzenduta. Azkenik, Etxeko eta Zaintzako Lanerako Informazio eta Aholkularitza Zerbitzuak ere aurrez aurreko hileroko arreta mantenduko du udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!