"Eskuzabalik hartu naute eta oso pozik nago"

Joseba Derteano

Bizkerren zazpi denboraldi egin eta gero, Elorriora batu da.Elorrio futbol taldearen aurtengo talde argazkia.

Maitena Porset Arrutia (Algorta, 2002) Elorrio futbol taldearen denboraldi honetako fitxaketa berri bat da. Aurretik hainbat urtez Bizkerren jokatu eta gero, Elorrion aurkitu du bilatzen zuena. Getxotik Elorriorako joan-etorriak ez zaizkiola astun egiten dio, eta oso pozik dago talde berrian aurkitu duen giroagaz.

Zelan sortu zaizu Elorrio futbol taldera batzeko aukera?
Dudan nengoen Bigarren RFEF Mailan jarraitu ala ez. Behin unibertsitatea amaituta eta mundu laboralera begira nenbilela, kategoria horren exigentzia mailari eustea gatxagoa egingo zitzaidala pentsatzen nuen. Izan ere, Galiziatik Madrilerainoko edozein lekutan izan daitezke partiduak, urruti. Zalantza une hori bizi nuela, Elorrioko bigarren entrenatzaileak taldera batzea proposatu zidan. Aurretik ezagutzen nuen, hainbat denboralditan entrenatu ninduelako Bizkerren zebilenean. Elorrion oso giro ona zegoela esan zidan eta azkenean taldera batzea erabaki nuen.

Zelan hartu zaituzte taldekide berriek? 
Itzel, espero nuen baino hobeto. Besozabalik hartu naute eta oso integratuta sentitzen naiz. Ez futbol ikuspegitik bakarrik, baita sozialki ere. Planak egin ditugu, afariren bat, lagunarteko giroan egon gara… Horrelako planekin taldea indartu egiten da. Familia sentimendu hori igartzen dut. Beste filosofia bategaz hartzen dute futbola eta orain arteko dena positiboa da. Oso pozik nago. 

Beraz, merezi dizu astero hainbat bider Getxotik Elorriora etortzea. 
Bai. Hango inguruko hainbat jokalari gabiltza Elorrion eta kotxea partekatzen dugu. Bat kenduta gainerakoak aurretik ezagutzen nituen, eta, egia esanda, kotxe bitan oso ondo moldatzen gara. Bidean hainbat geraldi egiten dugu jokalariak batzeko eta 35-40 minutu behar ditugu Elorriora heltzeko.

Azken asteetan zenbait partidu jokatu duzue prestakuntzara begira. Zelan joan da denboraldiaurrea?
Lehenengo, Eibarren kontra jokatu genuen. Ondoren, hiruko txapelketa batean parte hartu genuen Hernanigaz eta Arratiagaz. Partidu horiek erritmoa hartzeko, entrenatzailearen ikuspegia barneratzeko eta zelai barruan elkar ezagutzeko balio izan ziguten. Ondo etorri zitzaizkigun prestakuntzan pauso berriak ematen joateko. Lan hori hurrengo partiduetan igarri zen. Esaterako, Bilbao Artizarrak eta Lakua taldeen kontrako partiduak irabazi egin genituen. Liga hasierara sasoi onean helduko garela uste dut.

Elorriok zazpigarren tokian amaitu zuen iazko liga. Aurten zein da helburua?
Gutxienez iazkoa berdintzea edo hobetzea. Hainbat jokalari berri batu da taldera, iaz baino maila hobea ei dugu eta iazkoa hobetzeko lan egingo dugu. Hori bai, guk asterik aste lan egingo dugu, partidurik partidu joango gara, burua gerora begira galdu barik, nahiko liga exigentea da eta. Talde gogorrak daude.

Aurrelaria zara. Golez gainera, zer eman gura diozu taldeari? 
Denerik eman gura nuke. Aurreko denboraldietan punta erdian eta hegalean ere jokatu dut. Beraz, gauza gehiago ere eman gura nuke. Hori bai, taldekide guztiek maila handia dute eta ez da erraza izango partidu askotan jokatzea. Esperientzia handia duten jokalariengandik ikasten ahaleginduko naiz eta aukera dudanetan neure onena ematen ahaleginduko naiz. 

Zelan jokatuko du taldeak aurten? 
Baloia gure hanketan izan gura dugu, baina ez alde batetik bestera mugitzeko bakarrik, erasora begira jokatzeko baino. Aldi berean, erasoan abaguneak ondo aukeratzea ere garrantzitsua izango da, presaka ibili barik eta pazientziagaz. Horrez gainera, presioa ondo egin eta aurkariari min egiten dion tokian berreskuratu gura dugu baloia.

Ligako estreinaldia domekan duzue, 17:00etan, Elorrion. Alaves B taldea izango duzue aurkari. Zer itxaropen duzue? 
Filialak talde gogorrak izaten dira beti. Jokalari gazteak izaten dituzte, esperientzia handirik bakoak, baina talde horretan badaude, jokalari onak direlako da; beraz ez da partidu erraza izango. Denboraldiaurrean landu eta ikasitakoagaz, konfiantzaz beterik eta irabazteko gogotsu helduko gara. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!