Bariku gauean, suzko zezenaren ondoren, Los Zopilotes Txirriaos taldeak kontzertua emango du Ganondon. Aurretik, Arriolan Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestra arituko dira. Euren errepertorioa: opera eta zarzuela.
Zapatuan Sukalki Eguna izango da eguneko hitzordu nagusietariko bat. Iturrizoro Elkarteak antolatuta, Aldatsekua janari usainez beteko da, eta parte-hartzaileei mozorroa jantzita etortzeko deia egin diete. Egun osoan zehar haur parkeak eta txu-txu trena izango dira, eta eguerdian bits jaia egingo dute plazako frontoian.
Arratsaldean ere ez da girorik faltako; besteak beste, karrozen jaitsiera, Kaletriken plaza-dantzak, txokolatada eta Disko Sound 4 taldea egongo dira. Gauean, suzko zezenaren ondoren, DJ Kene.mp3, DJ Sierritx eta DJ Delko arituko dira plazan, eta Sukar Taldeak erromeria egingo du Urarkan. Gauerditik aurrera, jai giroak aurrera jarraituko du txosnagunean, askotariko DJekin.
Domekan emango diete amaiera aurtengo Ferixa Nausikoei. Azken jaiegunean ere izango da zegaz gozatu. Elorrioko Kolore eta Zaporeak Kulturarteko Jaia egingo dute Kanpokalen, eta plazan herri kirolen erakustaldia izango da. Bertan, harrijasotze, aizkora, iparraldeko joko eta trontza saioak izango dira.
Arratsaldean bertso saioa izango da Aldatsekua plazan, Txaber Altube, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Miren Artetxegaz, Maite Berriozabal gai jartzaile dela. Ferixa Nausikoei amaiera emateko, 19:30ean, HAATIK Dantza Konpainiak Ioi ikuskizuna egingo du plazan.
Alkohol prebentzio zerbitzua
Mankomunitateak, Elorrioko Udalagaz elkarlanean, alkoholaren kontsumoari eta arriskuen murrizketari buruzko prebentzio kanpaina egin zuen Ferixa Nausikoetako lehenengo asteburuan. Guztira, 276 gazteri eskaini zieten arreta, 148 emakumeri eta 128 gizonezkori. Mankomunitateko iturriek azaldu dutenez, aurten 18 urtetik gorako kuadrillak topatu dituzte gehienbat, eta galdekatuetatik 47k adierazi zuten ez dutela alkoholik kontsumitzen.
Prebentzio lantaldea herriko hainbat gunetan ibili zen, hala nola hilerri gaineko frontoian, osasun zentroaren inguruan, barraketan eta eliza inguruan. Sentsibilizazio lana osatzeko, arriskuak prebenitzeko materiala banatu zuten: 250 preserbatibo eta larrialdietako telefonoak biltzen dituzten 250 informazio orri.