Elorrioko Ferixa Nausikoak

Askotariko musikak dantzan ipiniko ditu elorriarrak Ferixa Nausikoetan

Aritz Maldonado

Maruxak.

Ferixa Nausikoetako protagonistarik handienetariko bat musika da. Urtero legez, askotariko doinuak egongo dira eta musika egitarau zabala aurkeztu dute, beste urte batez. Aurten, txosnagunea Ganondo parkearen inguruetara lekualdatu dute, eta bertan izango dira kontzertuetariko batzuk. 

Elorriarrek martxa handiz hasiko dute jaietako lehenengo eguna, irailaren 4a. Txosnagunean, Ostikoka, Kaparrak eta Skaregekasko taldeek zuzeneko indartsuak egingo dituzte, gazteen gustukoak, batez ere. Kaparrak aretxabaletarrek Euskal Herriko agertokiak aztoratu dituzte azkenaldian euren runba doinuekin; Elorrion bertan, orain urte pare bat txiki utzi zuten gaztetxea eta kalean eman behar izan zuten kontzertua. Los Delinqüentes taldearen bertsioak egiten hasi zen taldea, 2023an, eta gerora euren abestiak egiten hasi ziren; izenak berak ere Delinqüentesen Garrapatero abestiari erreferentzia egiten dio. Taldeak oihartzun handia lortu du gazte giroan, batez ere Bollikao, Gaupasa, Loretxoa eta Karnabal egunero ereserki festazaleekin. Ostikoka talde iruindarrak punk doinuak jorratzen ditu eta Skaregekaskok doinu tropikalagoak joko ditu gaua borobiltzeko. 

Zapatuan, Gauargik erromeria doinuak eskainiko ditu plazan. Bestalde, Los Wilson & Wilsonetis taldeak Fito&Fitipaldis eta Platero y Tú taldeen abestirik arrakastatsuenak joko dituzte zuzenean. Eta txosnetan DJ-en emanaldiak egongo dira. Azoka egunean ere ez da musika eskaintza faltako. 19:30ean, Xabi Aburruzagak triki kontzertuagaz ipiniko du dantzan plaza. Ondoren, 22:30ean, eta egun luzeko parranda borobiltzeko, Maruxak kolektibo trabestiak jaietako emanaldirik koloretsuena egingo du plazan.

Urte batzuk geldirik eman eta gero, Los Zopilotes Txirriaos nafarrak berriro martxan ipini dira. Konejo Eseberri eta enparauek Caminos de Guanajuato diskoa kaleratu zuten iaz, eta uda plazarik plaza igaro dute euren napar-mex doinuekin ikusleak dantzara animatzen; beraz, sasoi betean helduko dira Elorrion irailaren 11n joko duten kontzertura. 

Giroak goia joko du Sukalki egunean ere, eta hala jarraituko du herriko zenbait gunetan egongo diren DJ-en emanaldiekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!