Zelan hasi zineten jaietan parte hartzen?
12tik 16 urtera arteko gazteentzat hutsune bat zegoela ikusi genuen eta haien gustuko zeozer egin gura genuen; kirolagaz, aisialdiagaz eta emozioekin zerikusia izango zuen zeozer proposatu gura genuen, hutsune hori beteko duen alternatiba desberdin bat, betiko barraka edo txosnetatik harago doana. Emozioak ez ezik, psikomotrizitatea ere landu gura genuen, normalean lantzen ez den lekuetan, edo eskaladagaz, sareekin, konpromisoagaz... Zelanbait ekarpen bat egin gura diegu guk ere.
Orokorrean, adin tarte nahiko alboratua da, ezta?
Bai, eta ez da erraza asmatzea. Gauza asko dago umeentzat zein helduentzat, eta hauek tartean daude. Eurentzat esparru babestu bat prestatzen ahalegintzen gara, eurentzat bereziki egindako zeozer dela sentitzea gura dugu zelanbait, eurekin egon, jolastu eta baita elkarregaz bizitzari buruz berba egiteko ere. Paralelismo bat eginda, tirolinaren soka gainean jarrita, sarea dagoela, bizitzan ditugun oztopo edo bideez ikasteko baliagarria da, ezta? Funtsean, filosofia horri jarraitzen diogu, eta beldurra eta halako sentimenduak barneratzea, sentitzea, ulertzea eta horiei buruz berba egitea gura dugu. Guretzat oso esanguratsua den lelo bat dugu: 'Ez da zer egiten den, zelan egiten den baino'. Behin sarea ipinita, bidaia horretan animatzen, entzuten eta galdetzen ahalegintzen gara, alboan egoten, azken finean. Badaude gazte batzuk lasai daudenak, egonkortasun batean, baina beste batzuek laguntza edo helduleku bat behar dute. Erronkarik handiena dira, baina baita gehien aportatzen dutenak ere. Pertsona batek zer behar duen asmatzea eder-ederra da.
Zuen tokitxoa egin duzue jaietako egitarauan.
Bai, eta esan daiteke elorriarrek gustura jaso dutela proiektua. Gugaz kontatzen jarraitzen dute. Guretzat oso polita da muntaketa lanekin gabiltzanean umeak hurbildu eta 'Aurten ere egongo zarete?' galdetzea. Euren aurpegietan poza ikusten dugu eta ez daukagu berbarik sentsazio hori deskribatzeko. Zelako gogoagaz etortzen diren ikustea ere oso pozgarria da.
Mota desberdinetako ekintzak egiten dituzte gugaz, eta hori ere eskertzen dute. Denerik egiten dutenak daude, eta beste batzuk ez dira irteten zirkutik, sareen gunetik edo oreka soketatik.
Pantailetatik urruntzeko ere aukera ona izango da
Bai, baina, pantailetatik harago ere, bestelako hartu-eman edo sentsazio batzuk garatzen dira. Azken urte bietan, adibidez, eguraldi txarra tokatu zaigu. Uste genuen inortxo ere ez zela etorriko, baina alderantziz gertatu da. Gurasoak zein gazteak zira jantzita edo euripean jolasteko gogoz etorri izan dira, eta askok barruko animalia hori oraindino gehiago ateratzen dute.