Pozik hartuko zenuten txupinazoa botatzeko ardura.
Izaskun Agirre: Egia esanda, geu joan ginen eskatzera. Pentsatzen genuen gure urtea dela, 25 urte, eta horregaitik geure burua eskaini genuen.
Inma Gallego: 25. urteurrenaren ospakizun urtea izanda, herritarrei eskerrak emateko aukera ona izango da. Oso pozik gaude.
Pentsatu duzue momentu hori zelan antolatu?
I.A.: Aspalditik dago dena pentsatuta; oporren aurretik dena eginda utzi gura genuen.
Zeozer aurreratu daiteke?
I.A.: Hamar pertsona igo gaitezkeenez, pertsona bi iraganeko elkartekideak izango dira, juntakideak eta baita elkartean hasiberriak diren gazteak ere.
I.G.: Ostalariak ere egongo dira. Izan ere, EME ez dute dendariek bakarrik osatzen. Zerbitzuen elkarte bat da eta udaletxeko balkoian ordezkaritza zabala egotea gura genuke.
Zer da pregoian nabarmendu gura duzuen ideia nagusia?
Itziar Solozabal: Poza transmititu gura dugu.
Ana Larrañaga: Komunitatea garela, komertzio txikiak herriari bizia ematen diola, eta eskerrak emateko momentua izango da. Elorrio ez dela handia, baina kalitatezko komertzioa eta zerbitzuak ditugula bertan.
Jendeak baloratzen du eskaintzen duzuen kalitatea eta zerbitzua?
A.L: Baietz esango nuke; horregaitik gaude hemen.
I.G.: Horrela dela suposatzen da, baina gero asko jotzen da kanpora, batez ere online erosketetara.
Azken urteotan zelan nabaritu duzue online salmenten eragina?
I.A.: Pandemiatik hona asko igo da online erosteko joera.
Pandemian esaten zen zero kilometroak garrantzi handia zuela. Momentu hartan gertukotasunaren kontzientzia piztu zela ematen zuen. Ez dugu ezer ikasi?
I.A.: Ez. Hori guzti hori ahaztu egin da.
A.L.: Pandemia sasoian online salmentak izugarri igo ziren. Pandemian salmenta mota horren joera indartu egin zen eta asko igarri genuen.
Horren aurrean, zeintzuk dira tokiko komertzioaren erronkak?
I.A.: Zer gura dugu, herria hutsik egotea? Jendeak erosketak herrian egiten ez baditu, kalean inork kaferik hartzen ez badu... herria hutsik egongo da. Ezagutu dudan herria gaur egungoagaz alderatuta asko aldatu da.
Erreleboari dagokionez, komertzio batzuk itxi egin dira eta ez da transmisiorik egon.
I.A.: Ez dago erreleborik ez dagoelako denda txikietan erosteko kontzientziarik.
A.L.: Erraztasun gutxi dago lokalak alokatzeko, eskatzen diren baldintzetan egokitzeko...
I.A.: Oztopo horiek guk ere izan genituen zabaldu genuenean, baina saldu egiten zen. Baina gaur egun egoera oso desberdina da.
Gogoan duzue denda zabaltzea erabaki zenuten momentua?
I.A.: Orain dela 28 urte izan zen, EME sortu aurretik. Erreleboa hartu nuen, baina nire seme-alabei uztea ez zait burutik pasatzen. Lehen, beste giro bat zegoen kalean. Orain, 11:00etan dendatik urten eta kaleak hutsik ikusten ditut.
A.L.: 30 urte joan dira ordutik. Ni eibartarra naiz. Beti izan naiz autonomoa eta handik ihes egin guran etortzen nintzen Erreka tabernara, bikotekideagaz, bera elorriarra zen eta. Askotan esaten nion hemen ez zegoela eskaparaterik eta egunen batean denda bat zabalduko nuela. Ilusio handiz zabaldu nuen eta ilusio handiz jarraitzen dut.
I.G.: Gure kasua desberdina da. Gu elkarte bat gara eta ni ez naiz autonomoa. Elkarte horrentzat lan egiten dut, Anbotopekon. Beste denda formatu bat da. Hala ere, etxean beti ezagutu dut mostradore bat edo tabernako barra bat. Urte gutxi daramatzagu; sei, hain zuzen ere. Ikusten dugu gure lanak erantzun ona izan duela eta kontzientzia pizten dabilela, baina oso astiro. Beste denda batzuen arazoak entzuterakoan harrituta geratzen naiz. Herrian kontsumitzen duen pertsona bat naiz, eta horri eusten ahalegintzen naiz.
I.S.: Nire kasuan, amak altzari denda bat zuen eta institutua amaitzerakoan dekorazioa ikasi nuen Gasteizen. Nik ikasitakoa desberdina zen, baina ama jubilatu zenean dendagaz jarraitu nuen, beste norabide bat emanda, beti ikasten eta gauzak aldatzen.
Zailtasunak zailtasun, zein mezugaz geratzen zarete?
I.S: Bezeroei eskerrak ematea gura nuke.
I.A.: Bezeroei eskerrak gaude hemen.
A.L.: Bertakoa sentitu naiz lehenengo momentutik, eta dendara datorren jendea maitagarria da.
Non eskuratu daitezke jaietako zapiak?
I.A.: Denda eta tabernetan doan banatuko ditugunez, herritarrak zapiak janztera animatzen ditugu. Plaza kolore horiz janztea gura dugu. Gora Ferixa Nausikoak!