Zerk motibatu zintuen Elorrioko jaietako kartel lehiaketan parte hartzera?
Diseinatzailea naiz ofizioz, eta, autonomoa ere banaizenez, halako lehiaketatan ere parte hartzen dut. Deialdien berri izaten dut eta ahal dudan neurrian parte hartzen dut. Emaztea Euskadikoa da, eta nahiko hartu-eman estua dut hango jaiekin ere. Uste dut ulertu dudala hango jaien funtsa, eta hori irudietara eramaten asmatu dut. Durangaldetik Durango eta Elorrio ezagutzen ditut, Bilbon eta inguruetan sarri ibili naizelako.
Askotan etortzen zara?
Madrilen bizi naiz, baina asko gustatzen zait hara joatea. Hango jendea ere ezagutzen dut, eta euren bitartez tradizioa eta kultura ere ezagutzen ditut. Irudian hori islatzen ahalegindu naiz: jaiak, artisautza, abeltzaintza, txupina, danborrada... denetik apur bat. Kartel bat egiten dudan bakoitzean, dokumentazio lana ere egiten dut, eta, Elorrioren kasuan, inguruetako jai batzuk ezagutzen ditudanez, inspiraziorako balio izan dit.
Hogei urte baino gehiago daramatzazu diseinu lanetan.
Bai, urte dezente. Kartelgintzan hamar bat urte. Diseinu grafikoaren arloan lana asko jaitsi da. Nik sektorean beste lan batzuk ere egiten ditudan arren, beste abagune batzuk ere topatu behar ditut. Kartelgintza gustuko dudanez, mundu horretan nabil azken urteetan. Buruan une oro ditut ideia berriak. Beraz, une honetan, alde batetik, sortzaile legez interesatzen zait kartelgintza, eta, bestetik, diru iturri bat ere badelako.
Azken urteetan asko aldatuko zen diseinugintza. Aro digital betean, zelako garrantzia dute kartelek?
Esango nuke garrantzia mantentzen duela, eta kasu horretan ez dela aldatu. Joerak aldatzea bai, hori gertatu da. Nik ia sorreratik ezagutzen dut diseinu digitala. Inprenta tradizionalagaz hasi nintzen eta eguneratzen joan behar izan dut. Baina hori gauza bat da, eta beste bat irudi bat modaz pasatzea, eta hori ez da gertatuko. Gainera, Euskadin oso errotuta dago kartelgintza, garrantzi handia ematen zaio, jai guztiek dute euren kartela. Hemen, Madrilen, ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen. Gainera, lehiaketa bidez aukeratzera, parte hartzea eta lotura handitzen da. Bertan bizi ez garenok ere parte hartu dezakegu. Ni oso identifikatuta sentitzen naiz euskal kulturagaz, eta gustura egiten ditut hango jaietarako kartelak.
Etorriko zara jaietara?
Gura nuke, baina ez dut uste. Aurten ez behintzat. Abuztuan handik ibiliko naiz eta ziur festaren batera joango naizela. Hango jaiak oso parte hartzaileak dira, eta estimu handitan ditut. Tradizioa errespetatzen duten jaiak dira, baina baita garaietara egokitzen jakin dutenak ere.