[BIDEOA]: Hamar minutuko ekaitzak hilabeteetako lana hondatu die Elorrioko nekazariei

Maialen Zuazubiskar 2026ko abuztuaren 11

Zapatu arratsaldean ekaitzak gogor astindu zituen Durangaldeko herri batzuk. Elorrion esaterako izugarria bota zuen eta bertako nekazarien ortuak guztiz kaltetuta utzi zituen.

Elorrioko hainbat kide nekazaritzatik bizi dira eta urteak daramatzate lurra zaintzen eta nekazaritza ekologikoaren alde lanean. Nekazarientzat uda zaila izaten ari zen, euriaren zain zeuden. "Euriaren zain geunden eta zerua jausi zitzaigun gainera", azaldu dute nekazariek.

Euriaren zain zeuden, baina ez dute bat-batean ahaztuko zapatuakoa. 19:00ak inguruan izugarria bota zuen Elorrion, 10 minutuko kontua izan zen, baina dena txikituta utzi zuen. Hilabeteetako lana pikutara joan zitzaien momentu baten, Pulla Baserriko Fernando eta Anari, Zabala baserriko Iñakiri, Etxe txiki etxaldeko Kike eta Nikori, eta baita, Juan Pedro Gallastegiri ere.

Momentu batetik bestera, nekazariek ortuetan zuten uztaren zati handi bat galdu zuten. Landareak eta barazkiak apurtuta gelditu zitzaizkien, eta hilabeteetan egindako lan guztiaren zati handi bat ezerezean geratu zitzaien. Kalte handiak izan dituzten arren, nekazariek negutegietako barazkiak salbatu ahal izan dituzte. Nekazariek "inoiz baino gehiago" herritarren laguntza behar dute, eta herritarrei azoka eta plazetan erosketak egiteko deia egin diete.  "Zuen erosketek inoiz baino gehiago laguntzen dute", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!