Asteburu osoko egitarauak eskaintza zabala jasotzen du. Barikuan, Maria Cruicshank-en umore bakarrizketak emango dio hasiera jaialdiari, Etxanon. Zapatuan, ostera, Zea Mayseko Aiorak eta Pitik eta Arima Soul taldeak kontzertuak eskainiko dituzte mahastien artean. Domekan, jaialdia borobiltzeko, Durangoko historia eta zaporeak uztartuko dituen ibilbide gidatu bat eta Merkatu plazan egingo duten dastaketa egingo dituzte. Solatsu teileriak protagonismo berezia izango du, izan ere, bertan egingo dute Mahasti yoga saioa, zapatuan, goizeko 11:30ean; Izaki Yogako Miren Mentxakak zuzenduko du saioa. Ostean, espazioa bisitatu eta lau txakolin dastatuko dituzte bertaratzen diren lagunek.
Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak eta Urkiola Landa Garapenerako elkarteak antolatzen duten jaialdiaren zazpigarren edizioa izango da hau. Sarrerak, www.bizkaikotxakolina.eus atarian erosi daitezke.