Elorrioko Udalak Aldatsekuako aisialdi-gunea egokitzeko lanak amaitu ditu, 2025eko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan herritarrek bozketa bidez aukeratutako proposamena gauzatuz. Lanak iaz hasi baziren ere, azken asteotan amaitu dira. Esku-hartzearen helburua gunea irisgarriagoa, erabilgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzea izan da, bertan aisialdiaz eta kirolaz gozatzen duten herritarren beharrei erantzunez, udalak ohar batean azaldu duenez.
Egindako hobekuntzen artean, frontoiraino iristen den arrapala berri bat eraiki da, gunerako irisgarritasuna bermatzeko eta, aldi berean, garbiketa eta mantentze-lanak errazteko. Horrez gain, txintxaun berriak instalatu dira, frontoia berritu da (zorua egokituz eta hormak konpondu eta margotuz), eta ingurunea oro har txukundu da. Frontoiko hobekuntzak diseinatzerakoan, Elorrioko Hori-Hori pilota taldearen ekarpenak eta irizpideak kontuan hartu dira, instalazioak erabiltzaileen beharretara ahalik eta gehien egokitzeko.
"Hasiera batean, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan 50.000 euroko inbertsioa aurreikusi bazen ere, 2025eko udal aurrekontuak onartzeko EAJrekin lortutako akordioaren ondoren, jarduketa osatzeko aurrekontua handitzea erabaki zen. Horri esker, aurreikusitako hobekuntza guztiak gauzatu ahal izan dira, herritarrek aukeratutako proiektuari erantzun osoa emanez", zehaztu dute.
