Elorrioko Udalak gaitzetsi egin nahi ditu azken egunetan, gauez, udal igerilekuetan, gertatu diren kalteak eta jokabideak. "Espazio publiko bat hondatzeaz gain, udal igerilekuen funtzionamendua eta ondoko tabernaren jarduera ere kaltetzen ari dira. Gainera, instalazioak egoera onean uzteko, garbiketa-langileek ohikoa baino lan handiagoa egin behar izaten dute egunero", salatu dute ohar batean.
"Horrelako jokabideek guztionak diren instalazioak hondatzen dituzte eta herritar guztiei eskaintzen zaien zerbitzuari eragiten diote", gehitu dute. Azkenik, udalak "errespetua eta ardura" eskatu ditu espazio publikoen erabileran.