Elorrioko Udalak etxeko eta zaintzako lanaren inguruko aholkularitza zerbitzua eskainiko du

J.D. 2026ko uztailaren 15a

Zerbitzu honen helburua herritarrei laguntza ematea da, sektore horretako lan-harremanekin, eskubideekin eta beharrezko tramiteekin lotutako zalantzak argitzen.

Udalak etxeko eta zaintzako langileei zein kontratatzaileei zuzendutako doako orientazio zerbitzua eskainiko du, lan-eskubideei, tramiteei eta baliabide sozialei buruzko aholkularitza emateko.

Besteak beste, kontratazioari, soldatei, lanaldiei, oporrei, bajen kudeaketari, laneko prebentzioari eta bestelako lan-baldintzei buruzko orientazioa eskainiko da. Era berean, gizarte-prestazioei, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE/RGI), udal laguntzei, atzerritartasuneko tramiteei, bizileku eta lan baimenei, nazionalitatea lortzeko prozedurei, beharrezko dokumentazioari eta ziurtagiri digitalei buruzko informazioa ere emango da.

Udalak ohar batean gogorarazi du zerbitzua "herritar guztiei" zuzenduta dagoela, "bai etxeko eta zaintzako lanetan aritzen diren pertsonei, bai langile horiek kontratatzen dituzten familiei eta pertsonei". 

Uztailaren 17a izango dela 2025-2026 ikasturteko aurrez aurreko azken arreta-eguna. Ondoren, 2026-2027 ikasturteko informazio eta aholkularitza zerbitzuak hilean behingo arreta eskainiko du berriro, eta interesa duten pertsonek aurretik hitzordua eskatu beharko dute.

Udaleko datuen arabera, 2025eko bigarren seihilekoan 19 pertsonari eman zitzaien arreta, eta 2026ko lehen seihilekoan beste 15 erabiltzailek baliatu dute zerbitzua. Aldi honetan, 164 kontsulta telematiko eta 32 aurrez aurreko arreta egin dira; gehienak etxeko eta zaintzako lanean diharduten emakume migratuei zuzenduta. Kontsulta ohikoenak atzerritartasuneko izapideekin, nazionalitatearekin, lan-eskubideekin eta enpleguari lotutako gaiekin zerikusia izan dute. "Horrek agerian uzten du zerbitzu honek herritarren eguneroko beharrei ematen dien erantzun praktikoa", azaldu dute udaletik.

Arreta-ordutegia 10:00etatik 15:00etara izango da hilean behin, Elorrioko Udaletxean. Aurrez aurreko hitzordua hartzeko, WhatsApp bidez mezua bidali beharko da 605 92 71 92 telefono zenbakira. Galderak edo kontsultak modu telematikoan ere bidali daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!