Durangaldeko Ikerlari Gazteen sariak badu irabazlea: Andu Allande Moreno Basabe elorriarrak irabazi du aurtengo edizioa, bere sorteriko Funcor kooperatibari buruz egindako azterlanagatik. Ikerlanak Kooperatibismoa. Kapitalismoaren barneko argi-izpi hutsala. Funcor kooperatibaren ibilbidea ardatz harturik eginiko ikerketa du izen oso. Bertan, Morenok lantegiari buruzko begirada berri bat eskaini du, orain arte Funcorri buruz azetrtu direnen artean. Izan ere, irabazleak Funcorrek Elorrion izandako eragina aztertu du, fokua orduko testuinguruan ipinita. Horregaitik guztiagaitik, elorriarrak 1.500 euroko saria jaso du Gerediagaren eta Mankomunitatearen eskutik. Gotzon Gomez Gerediagako presidenteak eta Idoia Otaduy Mankomunitateko lehendakariak eman die saria.
Epaimahaia Iune Ruizek, Iruri Altzerrekak eta Peru Bilbaok osatu dute. Euren iritziz, Morenoren lanak Durangaldeko historia garaikidearen pasarte garrantzitsu bat jorratzen du: "Ondo egituratua dago, bibliografia anitza dauka eta aurrez idatziz dokumentatu gabeko informazioak ere jasotzen ditu". Honako hau Ikerlari Gazteen bosgarren sariketa da.
Lantegi emankorra
1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista jarri ziren abian eta giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba, Andoni Esparzaren eskutik. Esperientzia emankorra izan zen, 1970era arte iraun zuelarik. Galdategia edota nekazal makinaria saltzeko fabrika izatetik, beste hainbat egitasmoren sustatzaile izan zen: euskarazko herriko lehen ikastola, “arte” unibertsitatea, txirrindulari talde profesionala, Laboral Kutxa, edota Ama Lur euskarazko lehen film luzea, besteak beste.