Elorrioko Udalak Kurutziagako gurutzea zaharberrituko du

J.D. 2026ko uztailaren 13a

Lanek 3-4 aste irautea aurreikusita dago.

Elorrioko Udalak Kurutziagako gurutzea zaharberritzeko lanak hasiko ditu datozen egunetan, herriko ondare historiko eta artistikoaren kontserbazioa bermatzeko helburuarekin. Esku-hartzeak 28.329 euroko aurrekontua izango du, eta haren helburua 1522ko hareharrizko gurutzea zaharberritzea eta etorkizunerako kontserbazioa bermatzea da, udalak ohar batean azaldu duenez. Lanek 3-4 aste irautea aurreikusita dago. Udalaren arabera lanek "ez ​dute inolako eraginik izango trafikoan, eta ez da errepidean oztoporik izango obrek irauten duten bitartean".

2023an Elorrioko baliabide turistikoen egoerari buruz egindako ikuskapenaren ondoren, udalerriko hainbat gurutzek zaharberritze-lanak behar zituela ondorioztatu zen. Lehentasunezko esku-hartzea Santa Anako gurutzean egin zen 2024a, haren egoera eta balio historikoa zirela eta; iaz, berriz, Txanberiko gurutzea zaharberritu zen. Ildo horretan, aurten Kurutziagako gurutzea zaharberritzeari eman diote lehentasuna, "Elorrioko ondarearen elementurik esanguratsuenetariko bat delako".

1. mailako ondare-babes berezia duen gurutzea

Elorrioko gurutzeen multzoa Euskal Autonomia Erkidegoan kontserbatzen den ugariena da, eta erkidego osoan inbentariatutako gurutzeen %10 inguru biltzen ditu. Horien artean, Kurutziagako gurutzea da zaharrena eta garrantzitsuena. Estilo hispano-flandestarrekoa da, 1522ko inskripzioa dauka, eta 1. mailako ondare-babes berezia duen udalerriko elementu arkitektoniko bakarra da. "Hori dela eta, haren kontserbazioa nahitaezkoa da", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!