Elorrioko Udalak 'Nagusi Aktiboen Jantokia' programarako dirulaguntza deialdia onartu du

Joseba Derteano 2026ko uztailaren 8a

80 urteko edo gehiagoko herritarrei zuzendutako laguntzak dira, zahartze aktiboa eta sozializazioa sustatzeko.

Elorrioko Udalak 2026ko 'Nagusi Aktiboen Jantokia' programarako dirulaguntza deialdia onartu du. Programa honen helburua Elorrioko adinekoen zahartze aktiboa sustatzea eta sozializaziorako espazioak indartzea da, herriko jatetxeetan eguneko menua kontsumitzeko laguntzak eskainiz, udalak ohar batean azaldu duenez.

Laguntza hauek Elorrion erroldatuta dauden eta 2026an 80 urte edo gehiago dituzten pertsonei zuzenduta daude. Programaren bidez, Udalak 9 euroko ekarpena egingo du menu bakoitzeko, eta gainerako zenbatekoa erabiltzaileak ordaindu beharko du.

Diruz lagunduko dira Elorrioko udalerrian dauden eta programari atxikita dauden jatetxeetan kontsumitutako 9 eurotik gorako eguneko menuak. Programa 2026ko abenduaren 1era arte egongo da indarrean. 

Eskaerak Elorrioko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan aurkeztu daitezke jada, azaroaren 1era arte, sarrera-ordenaren arabera izapidetuko dira eta diru-laguntzak aurrekontu partida agortu arte emango dira.

Eskaera onartzen denean, pertsona onuradunak Nagusi Aktiboen Jantokiko txartela eta dagozkion bonuak jasoko ditu udal bulegoetan. Jatetxean laguntza baliatzeko, txartela eta indarrean dagoen bonua aurkeztu beharko dira. Txartela pertsonala eta besterenezina izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!