Elorrioko Udalak eskola-materiala erosteko dirulaguntzen deialdia zabaldu du

Anboto 2026ko uztailaren 7a

Laguntzek ikasle bakoitzeko 150 euroko gehieneko zenbatekoa izango dute, eta eskaerak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Udalak 2026/2027 ikasturterako eskola-materiala erosteko dirulaguntzen deialdia abiatu du. Deialdia Elorrion erroldatutako familiei zuzenduta dago, eta Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatutako seme-alabak dituzten familiek eskatu ahal izango dute, udalak ohar batean informatu duenez.

Diruz lagundu ahal izango dira 2026ko ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako gastuak, besteak beste, ikasliburuak, idazmahaiko materiala, material ez-suntsigarria, ekipamendu informatikoa eta ikastetxeek eskatutako bestelako materialak. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 150 eurokoa izango da ikasle bakoitzeko, beti ere aurkeztutako gastuak justifikatuta badaude.

Eskaerak aurkezteko epea 2026ko urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Dirulaguntza jasotzeko, familia-unitatearen 2025eko diru-sarrera garbiek ezingo dituzte gainditu deialdian ezarritako mugak: 23.763 euro, oro har, eta 27.326 euro familia ugarien edo bi seme alaba dituzten guraso bakarreko familien kasuan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!