Goietan esleitzeko prest daude alokairu sozialeko sei etxebizitza. Esleipena irailean egitea aurreikusten dute. Ildo horretatik, prozesuan parte hartu ahal izateko Etxebiden, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan, izena emanda egotea "ezinbestekoa" dela gogoratu die Elorrioko Udalak herritarrei ohar batean. Gainera, izena emanda daudenei "espedientea eguneratuta dagoela egiaztatzea" gomendatu diete.
Goietako sustapenak pertsona bakarrentzat edo bikoteentzat pentsatutako etxebizitzak izango ditu. Etxebizitzen azalera erabilgarria 45 eta 56 metro koadro artekoa izango da, eta guztiek egongela-jangela eta sukaldea espazio berean, logela bat, bainugela eta esekitokia izango dituzte.
Era berean, etxebizitza guztiek aerotermia bidezko berokuntza eta ur bero sanitarioa sortzeko sistema indibiduala izango dute. Energia berriztagarrietan oinarritutako sistema horrek etxebizitzen energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetuko ditu.
Nola eman izena Etxebiden?
Etxebide Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroa da, eta babes publikoko etxebizitzak esleitzeko ezinbesteko baldintza da bertan izena emanda egotea.
Izena emateko bi aukera daude. Batetik bide telematikoa; hau da, eskaera modu elektronikoan aurkez daiteke, beharrezko dokumentazioa formatu digitalean erantsita eta sinadura elektroniko balioduna erabilita.
Izena aurrez aurre ere eman daiteke. Eskaera inprimatu eta beharrezko dokumentazioarekin batera aurkez daiteke Zuzenean bulegoetan edo Etxebiderekin hitzarmena duten udaletan.
Azkenik, udaletik gogoratu dute pertsona edo bizikidetza-unitate bakoitzak eskaera bakarra aurkez dezakeela, eta inskripzioa bi urtean behin berritu behar dela.