Zapatuan doinu ilunak izango dira protagonista. Sara Zozaya donostiarraren soinu intimistek Arriola hartuko dute. Artista gipuzkoarra Attä lan berria aurkeztera dator. Kontzertua 20:00etan izango da.
Lariz jauregian ere bai
Musikaireko emanaldiak uztail osoan zehar izango dira. Bigarren asteburuaren kasuan, Lariz jauregian izango dira ikuskizunak. Euskal Barrok Ensemble taldeak antzinako musika eta folk doinuak uztartuko ditu; biharamunean, uztailak 11, Ruper Ordorikak Lurra ikutu barik diskoa aurkeztuko du; domekan, Momi Maiga senegaldarrak Afrikako eta Europako doinu eta tradizioak batuko ditu kora instrumentuaren bitartez.
Yllana konpainiak ohiko agertoki du Elorrio. Primital Brothersegaz batera duen Madness ikuskizuna ikusteko aukera egongo da uztailaren 17an, plazan. 18an, Robbin Kapsalisek Chicagoko doinuetan oinarrituko den emanaldia egingo du, 22:30ean, plazan. Asteburua borobiltzeko, dantza garaikide ikuskizunak egongo dira plazan, 19:00etan hasita. Azken urteetan legez, dantza garaikideko proposamenik interesgarrienen lagin bat ikusteko aukera egongo da; aurten, Marcatek, Jessica Castellon eta Boris Orihuela bikoteak eta Rolando Salame konpainiak Rhythm, Cuenta corrientes, eta El mundo atrás ikuskizunak egingo dituzte, hurrenez hurren.
Amaitzeko, flamenkoa eta jazza uztartzen dituen Antigua fusión con miel y canela ikuskizuna, jazz garaikidea jorratzen duen Ife Ogunjobi, eta Elkano Browning Crean hirukotearen kontzertuak egongo dira Musikairen. Euria eginez gero, ikuskizun guztiak Arriola antzokian egingo dira.