Elorrioko udalak 2027ko aurrekontu parte-hartzaileak martxan jarri ditu

Anboto 2026ko ekainaren 25a

(Argazkia: Elorrioko Udala)

Uztailaren 6ra bitartean herritarrek euren proposamenak aurkeztu ditzakete.

Udalak abian jarri du 2027ko aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea, herritarren proposamenak jasotzeko prozesua. Ekimenaren helburua elorriarren eta herriarekin lotura duten pertsonen ideiak eta ekarpenak jasotzea da, udalak ohar batean zehaztu duenez.

Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 6ra arte egongo da zabalik. Parte hartu ahal izango dute 16 urtetik gorako pertsona guztiek, eta ez da beharrezkoa Elorrion erroldatuta egotea. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak nahi adina proposamen aurkeztu ahal izango ditu, baldin eta udal-eskumenekoak badira, interes orokorrari erantzuten badiote, aurreikusitako 50.000 euroko zenbatekoari egokitzen zaizkionak eta ez badira diskriminatzaileak.

Herritarrek hainbat bide izango dituzte proposamenak aurkezteko: online, edo aurrez aurre, Udaletxean eta Iturri Kultur Etxean jarriko diren postontzien bitartez. Horrez gainera, Udalak informazio gune ibiltariak jarriko ditu herritarren zalantzak argitzeko eta parte-hartzea sustatzeko: ekainaren 26an, 11:00etatik 13:00etara, udaletxe inguruan; uztailaren 3an, 16:00etatik 19:00etara Estibarlandan eta Ibarra kale inuguruan. 

Udalak herritar guztiak prozesuan parte hartzera animatu ditu, herritarren lehentasunak "zuzenean udal jardueran txertatzeko" eta denen artean "herri hobea eraikitzeko" aukera eskaintzen duelako.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!