Pulla-Azkarreta planak 600 alegaziotik gora jaso ditu

Aritz Maldonado 2025ko urr. 16a, 09:00

Plan partzialak eragingo dien lursail bat. EAK

Elorrioko Pulla-Azkarreta planak 658 alegazio jaso ditu, Elorrioko Auzo Koordinakundearen esanetan; alegazio kopuruak "Erkidegoko lurralde politikoen aurkakoa den planagazko" bizilagunen desadostasun maila agertzen du. 

Alegazioak aurkezteko epea amaituta, bizilagunek eta elkarte ekologistek Pulla-Azkarreta S-7.1 sektoreko plan partzialari desadostasuna agertu diotela nabarmendu du Elorrioko Auzo Koordinakundeak; hain zuzen ere, koordinakundeak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarte ekologikoek eta bizilagunek 658 alegazio aurkeztu dizkiote planari. "Kopuru horrek gizartearen desadostasuna islatzen du, funtsezko paisaia, nekazaritza eta ondare balioak mehatxatzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde politiken aurka egiten duen plan baten aurrean", azaldu dute. Alegazio kopurua abuztuaren eta Elorrioko Ferixa Nausikoen bitartean aurkeztu zela nabarmendu dute. Funtsean, lurzoru industrialak berrerabili beharrean (200.000 metro koadro inguru koordinakundearen esanetan), landa eremuetan poligono berriak egitea bultzatzea kritikatzen du koordinakundeak. "Elorriok alternatibak ditu. Koherentzia eta borondate politikoa falta dira horiek aplikatzeko", gaineratu dute. 

Elorrioko Udalak uztailean onartu zuen Pulla-Azkarreta plan partziala, SPRI-Lur promotoreak plana onartzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu eta gero; EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu zen planari hasiera ematea; Elkarrekin-Podemos, ostera, aurka agertu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!