Elorrioko Udalak, herriko pertsona nagusien Elorrio Lagunkoia “Txantxibiri” taldearekin elkarlanean, zerbitzu azoka irekia antolatu du ekainaren 19rako, herrian eta Mankomunitatean herritarren eskura dauden baliabideak ezagutarazteko. Topaketa 12:00etatik 14:00etara egingo da, Turismo Bulegoaren aurrean; eguraldi txarra eginez gero, Udaletxeko arkupeetara lekualdatuko da, ohar batean zehaztu dutenez.
Ekimena 2023ko maiatzaren 4an aurkeztutako Lagunkoitasun Diagnostikoan jasotako ekintzetatik sortu da, NBEk bultzatutako “Adinekoekin lagunkoiak diren hiriak” estrategiaren barruan. Diagnostiko horrek Elorrioko beharrak identifikatzeko aukera eman zuen, eta, besteak beste, herriko sare asoziatiboa indartzea lehentasunezko ekintzatzat jo zuen.
Azokan, herritarrek laguntza, zainketa eta gizarte-dinamizazioarekin lotutako hainbat programa eta zerbitzu gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Besteak beste, Elorrio Lagunkoia “Txantxibiri”, Herrizaintza, Belaunaldi Artean, Zatoz Gurekin, etxeko lanerako eta zainketetarako informazio eta aholkularitza zerbitzua, Zaindu programa eta Mankomunitateko Adinekoen Zerbitzua izango dira bertan.
Zerbitzu horien bidez, adinekoen ongizatea, nahi gabeko bakardadearen prebentzioa, belaunaldien arteko harremanak, jatorri anitzeko emakumeen gizarteratzea eta zaintzarekin lotutako orientazioa lantzen dira, besteak beste. "Udalaren helburua herritarrek eskura dituzten baliabide horiek hobeto ezagutzea eta herri zaintzaileago, parte-hartzaileago eta lagunkoiago bat eraikitzen jarraitzea da", adierazi dute.